Hauteskunde mahaietako kideak aukeratzeko zozketak hasi dituzte

Mahaiak osatu behar dituzten herritarrei martxoaren 28a bitartean jakinaraziko diete. Alegazioak aurkezteko epea apirilaren 4ra artekoa izango da.

Hauteskunde mahaiak
Herritar bat, hauteskunde mahaian botoa ematen, Donostian, iazko uztailean. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 21a
12:00
Entzun

Apurka-apurka ari da betetzen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako egutegia. Orain, hauteskunde mahaiak osatuko dituzten herritarrak aukeratzeko txanda da, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen 09:00etan egin dute zozketa hori. Beste zenbait herritan ere goiz-goizetik ekin diote horri. Zozketak publikoak dira, eta herritarrek badute han egoteko eskubidea, baina gutxi izaten dira hara joateko interesa agertzen dutenak.

Bilboko zozketa udaletxean egin dute, batzar aretoan. Gasteizkoa ere udaletxean egin dute, prentsa aretoan, eta Donostiakoa, berriz, Easo kaleko udal bulegoan.

Berez, martxoaren 23tik 27ra artekoa zen zozketak egiteko epea, baina, hala eginez gero, herritar askori oporretan dauden bitartean iritsiko zitzaien jakinarazpena. Horregatik, udal askok prozesua aurreratzeko eskatu zuten.

Orotara, 2.700 mahai inguru eratuko dira apirilaren 21ean: 428 Araban, 1.411 Bizkaian eta 859 Gipuzkoan. Mahai bakoitzean hiru lagun daude, alegia, presidentea eta beste bi mahaikide. Ordezkoak ere zozketa bidez hautatzen dira. Duela lau urteko hauteskundetan, 24.102 herritar izendatu zituzten mahaiak osatzeko, titularrak zein ordezkoak.

Alegazioak

Administrazioak martxoaren 28ra arteko epea dauka hautatutako herritarrei horren berri emateko, eta mahaian egoterik ez dutenek martxoaren 23tik apirilaren 4ra arte aurkeztu ditzakete alegazioak eskualdeko hauteskunde batzordean. Hainbat arrazoi argudia daitezke mahaian ez egoteko: 65 urte baino gehiago edukitzea, haurdun egotea, gaixotasun edo ezintasunen bat izatea, zortzi urtetik beherako seme-alaba edo ezintasunen bat duen senidea zaindu behar izatea, atzeratu ezin daitekeen familia ospakizunen bat izatea, zenbait arlotan lan egitea, eta abar. Adibidez, osasun arloko langileak, babes zibilekoak eta suhiltzaileak mahaia osatzetik salbuetsita daude, hauteskunde egunean lan egin behar izanez gero.

Alegazioa egiten dutenek agiriak aurkeztu behar dituzte, mahaian egoteko ezintasuna frogatzeko. Aukeratuak izan eta hauteskunde egunean mahaian aurkezten ez direnak zigortuak izan daitezke: isuna, zigor administratiboa eta urtebete arteko espetxe zigorra ere ezarri ahal zaie horrelakoei.

Mahaian ez egoteko arrazoirik aurkeztu ezin dutenek badute beste bide bat eginkizun hori ez betetzeko: ordezko bat aurkeztea. Ordezkoak hauteskunde mahai berekoa izan behar du, baina guztiz debekatuta dago ordezkoa bilatzeko prozesu horretan dirua ordaintzea edo jasotzea. Horrelakorik egitea legez zigortuta dago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.