Politika

Hauteskunde mahaietakoak genero identitatearen gainean sentsibilizatuko dituzte

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren inguruko behatokiak gaia jorratzea proposatu dio EAEko Hauteskunde Batzordeari, eta hark onartu egin du.

arantxa iraola
2020ko ekainaren 5a
11:56
Entzun

Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarreko ordezkariak hautatzeko bozak egingo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, botoa emateko orduan erakutsi behar dituzten agiriak eta beren genero identitatea bat ez datozenen beharrak aintzat hartuta, eta halako egoeretan izaten dituzten «estualdi bortitzak» eragozte aldera, hauteskunde mahaietakoak gaiaren gainean sentsibilizatzeko eskatu du Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren inguruko behatokiak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak onartu egin du proposamena, eta mahaikideen artean gaiari buruzko gida bat zabaltzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari.

Ikusgunek landu du gida hori: praktika onak bildu ditu, eta transexualekin jarduteko oinarrizko irizpideen berri eman. Bozkatzera doan pertsona baten agiria eta irudia bat ez badatoz, «errespetuz tratatzeko» eskatu du: hizkera neutroa erabiltzea —mahaikideek ez baldin badakite hauteslea zer generorekin identifikatzen den—, iruzkinik ez egitea senide bat ordezkatzeko aukerarekin, bozkatzailearen izena ozen esatean «bolumen egokia» erabiltzea soilik ingurukoek entzun dezaten... Era berean, gidan ohartarazi dute hauteskunde mahaiko lehendakariak direla «autoritate gorena», eta haien ardura dela tratu iraingarririk ez onartzea. Beste mahaikideei eta alderdi politikoetako ordezkariei ere galdegin die «zentzuz» jokatzea. 

Transexualentzako beste gida bat ere prestatu du Ikusgunek. Gogora ekarri du boto eskubidea «unibertsala, librea, zuzenekoa eta sekretua» dela, eta hiru dokumentu aurkez daitezkeela hauteskunde mahaian: nortasun agiria, pasaportea eta gidabaimena —azken horrek ez du sexua aipatzen—. «Agiriak zure identitatearen inguruko zalantzak sortzen baditu, hauteskunde mahaiko gehiengoaren iritzia izango da baliagarria, eta, erabakia hartzeko, kontuan izan beharko dituzte erakutsitako dokumentuak eta zure testigantza». Boto eskubidea ukatuz gero, erreklamazioa egin daiteke, eta gertatutakoa aktan jasotzeko eskatu. Edonola ere, behatokiak nabarmendu du Eusko Legebiltzarrak «genero autodeterminazioa» aitortu zuela trans pertsonen eskubideen inguruan 2012an onartutako legean.

Behatokiak bere webgunean eskegi ditu bi gidak: www.ikusgune.eus. Horrez gain, telefono zenbaki bat ere jarri du, kontsultetarako edo laguntza eskatzeko: 633 309 653. Are, behatokiko kideek beren burua eskaini dute halako egoeran egon daitezkeen pertsonak hauteskunde mahaietara laguntzeko: «Inor ezin da geratu bozkatzeko eskubiderik gabe bere identitatea ukatzen duen nortasun agiri bat erakustea bortitza delako».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.