Frantziako Asanblearako bozak

Hauteskundeen inguruko zuzeneko saioa egingo dute Euskal Hedabideek gaur

BERRIAn jarraitu ahalko da eztabaida, 19:00etatik aurrera.

Urbiako Fonda. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2022ko ekainaren 13a
17:13
Entzun

Lehen itzuliko emaitzak aztertu, eta datorren igandeko bigarren itzulirako zer espero den azalduko dute gaur Euskal Hedabideek elkarlanean egingo duten telebista saioan. Ipar Euskal Herriko Hitza, Kanaldude, Euskal Irratiak, Kazeta eta Herria aldizkaria elkarrekin arituko dira, analisi saioa egiteko, Gure Irratiaren Uztaritzeko egoitzatik zuzenean.

Ekhi Erremundegi BERRIAko eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariak egingo ditu gidari lanak.

Bi atal edukiko ditu saioak. Lehenengoan, joan zen igandeko emaitzak aztertuko dituzte. Besteak beste Eguzki Urteaga soziologo eta EHUko irakaslearen laguntza edukiko dute horretarako, eta bozketan parte hartu zuten hainbat hautagaik analisia egingo dute.

Bigarren atalean, bozen azken itzuliaren emaitzek, eta hortik aterako den asanbleak Euskal Herrian zer eragingo duen aztertuko dute gonbidaturiko kazetariek: Euskal Irratietako Pepe Aizpuru, Herria-ko Menane Oxandabaratz, Kazeta-ko Mikel Irastorza, eta Kanaldudeko Josu Guillen arituko dira estudioan.

Saioa zuzenean jarraituko ahalko da BERRIAren webgunean, albiste honetan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.