poliTIKA

Hauteskundeetan ere "elkarrekin lan egiteko pauso gehiago" eman behar direla dio EAk

Iñaki Agirrezabalaga Gipuzkoako koordinatzaileak adierazi du zerrenda propioak lantzen ari direla, baina oraindik ez dute batzar nazionalaren bileraren eguna jarri.

2010eko azaroaren 20a
14:50
Entzun
Iñaki Agirrezabalaga EAko Gipuzkoako koordinatzaileak adierazi du 2011ko udal eta foru hauteskundeei begira bere alderdia zerrenda propioak lantzen ari dela, eta ohartarazi du "denen partetik pauso gehiago" eman beharko direla bozetan ere "elkarrekin lan egiteko". "Eraikuntza nazionalerako bide baketsu eta demokratikoak" soilik erabili behar direla azpimarratu du Agirrezabalagak -Zumaiako alkatea da-, baina aitortu du ezker abertzaleak bide horretan urratsak egin dituela.

Esaterako, irailean Gernikako Akordioa sinatu zuten hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek, ETAri su-eten iraunkor, aldebakarreko eta egiatazgarria eskatua diote, eta sinatzaileen artean da ezker abertzalea.

EAren hauteskunde zerrendak batzar nazionalak jotzen ditu ontzat, eta Gipuzkoako koordinatzaileak esan du oraindik ez dutela data jarri batzar horretarako. Aurreratu du Gipuzkoako "ia bailara denetan eta herri garrantzitsuetan" EAk dagoeneko prest dauzkala zerrendak. Datorren maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak.

Iaz hainbat lagunek EA utzi eta Hamaikabat alderdia sortu zuten baina, Agirrezabalagaren arabera, bere alderdiak ez du asko pairatu. "EAren afiliatu kopurua %20 baino ez da jaitsi". Hamaikabatek, batik bat, Gipuzkoan dauka indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.