Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Hauteskundeetan mapa politikoa aldatuko dutela dio Bilduk

Koalizioak Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete du Nafarroan egin duen ekitaldi politikoan

Bilduko hautagaiak eta arduradunak, Anaitasunako ekitaldi jendetsuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilduren jarraitzaileek Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete zuten atzo. Harmailak jendez mukuru, ikurrinak eta Nafarroako banderak batzuen eskuetan, independentzia izan zen ekitaldi politikora bildu zirenen artean gehien entzun zen aldarrikapena. Maiorga Ramirez Bilduko Nafarroako lehendakarigaiak Nafarroarako «aldaketa sakona» eskatu zuen, eta Hego Euskal Herriko mapa politikoa aldatuko dutela ziurtatu zuen.

Bildu koalizioak Nafarroan egin duen lehen hauteskunde ekitaldira hainbat pertsona ezagun bildu zen. Ekitaldian izan ziren, beste batzuen artean, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Bilduko kidea, Oskar Matute Alternatibako ordezkari eta Bilduko kidea, eta Adolfo Araiz eta Patxi Urrutiaezker abertzaleko kideak.

Ekitaldi politikoa bizia eta koloretsua izan zen. Txalapartaren doinuekin eta joaldunen joareen erritmoarekin hasi zen, eta gorrentzako itzultzailea ere egon zen oholtza gainean. Agertokira igotzen lehenak Eva Aranguren Bilduren Iruñeko alkategaia eta Pello Martinez de Eulate zerrendan bigarrena izan ziren. Euskal gizartea pairatzen ari den errealitate gordinaren aurrean herriz herri eta herrialdez herrialde«agenda alternatiboa» landuko dutela esan zuten.

Bakartxo Ruiz Bilduko Nafarroako Parlamenturako hautagaiak Bildu koalizio «plurala» dela gogoratu zuen, eta ezberdintasunen gainetik pertsona «konprometitu, ausarta eta koherenteak» osatzen dutela. Euskal Herriak garai «berri eta itxaropentsua» bizi duela uste du, eta Bilduren apustua «bazterketarik gabeko bakearen» eta normalizazio politikoaren aldeko apustua izanen da. «Apustu horrek min egiten die. Orain erakundeetatik ere egingo dugu. Aldaketarako erabiliko ditugu erakundeak. Urduri daude, eroso dauden jokalekua aldatuko duen indarra garelako».

Ruizek baliogabetutako zerrendak ere izan zituen gogoan, eta 40.000lagunek ezin izanen dutela hauteskundeetara aurkeztu salatu zuen.

«Alternatiba bakarra»

Maiorga Ramirez Bilduko Nafarroako lehendakarigaiak Eskoziako herriari zorionak emanez hasi zuen hitzaldia. Egunotan koalizioak bizi izan duen presioa gogoratuz, «traba guztien gainetik» hauteskundeetan izanen direla esan zuen. «Demokrazian ez dute iruzurrek balio, eztabaida garbiek eta proposamenek baizik, eta, orduan, herritarrek erabaki dezatela». Hego Euskal Herrian «alternatiba bakarra» direla azpimarratu zuen. «Betorik eta bazterketarik gabeko batasuna ordezkatzen dugu. Batzen gaituena lehenesten dugu, gizarte bidezkoagoa eta anitzagoa lortzeko».

Nafarroako hauteskundeei dagokienez, ziur da Bilduk Nafarroako mapa politikoa aldatuko duela: «Nafarroako politika zaharkitura aire berria ekarriko du».UPN eta PSNri zein proposamen dituzten esateko eskatu zien, gaurdaino ez dutelako «bakar bat ere egin». Horregatik, Nafarroako Gobernuak «aldaketa sakona» behar duela iritzi zion. Haren esanetan, hori ez da lortzen boterean UPNren ordez PSN jarrita: «Aldaketa politikoa ez da Roberto Jimenez [PSNko hautagaia] Nafarroako presidente bihurtzea».

Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetan koalizioaren izenean aurkeztuko diren ordezkariek oholtza gainera igotakoan bukatu zen ekitaldi politikoa, jarraitzaileekin batera Eusko gudariak abestuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.