Manuel Valls Frantziako Barne ministroak euskal lurralde elkargoari begira egindako adierazpenek haserrea piztu dute euskal hautetsi eta eragileen artean. Argi eta garbi, euskal lurralde elkargorik ez dutela sortuko adierazi zuen atzo Vallsek: «Euskal Herria ez da onartuko deszentralizazioari buruzko lege berrian; ez da euskal egitura administratiborik izanen». Gehitu zuenez, ETAk armak utziko ez ditueno, Frantziako Gobernuak jarrera horretan «tinko» segituko du. Adierazpen horiek egin zituen atzo El País egunkariari eskaini elkarrizketan. Ipar Euskal Herriaren ezagupenaz eztabaidatzeko «gogorik ez» dutela ere zehaztu zuen.
Barne ministroak Euskal Herriari begira duen «ezagutza falta» salatu zuen Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak, eta gehitu «bi gauza[lurralde elkargoaren eskaera eta ETA] nahasten» dituela. Egoeraren larritasuna ikusirik, hitzordu bat eskatuko dio Lasserrek Vallsi. Bere «txundidura» adierazi zuen Max Brisson (UMP) kontseilari nagusiak ere: «Gehiengoaren sostengua du eskaerak, eta aho batez gaitzetsia da ETA; bi horien artean amalgama egitea aldrebeskeria bat baino gehiago da; huts politiko bat da». Hautetsien Kontseiluak eraman gogoetak «horrelako erantzun bipil bat baino gehiago merezi» zuela deitoratu zuen.
Sozialisten artean ere harridura eragin zuten Barne ministroaren hitzek. Frantxua Maitia eskualdeko kontseilariak «onartezintzat» jo zuen Vallsek lurralde elkargoa eta ETAren artean egin lotura. Sylviane Alaux diputatuak ere, egoera ez onarturik, bilera bat galdetuko dio Vallsi.
Peio Etxeberri-Aintzart ABko bozeramaileak gogor salatu zuen Frantziaren jarrera: «Beti berdin segitzen da, instituzioaren gaia ez da Euskal Herrian erabakia, ez eta ere Parisen, Madrilen erabakia da; hor bada anomalia bat». Parisen partetik «demokrazia urraketa» dagoela salatu zuen, eta oroitarazi estatuek «bai ala bai» Aieteko Adierazpenari baikorki erantzun behar diotela.
Batasunak, berriz, «ukazio demokratikoa» gaitzetsi zuen: «Euskal Herriaren hitza onartu eta errespetatu behar dute». Espainiarekiko «kolaborazio itsuaren politika» irmoki salatu zuen alderdi abertzaleak.
Adierazpen «arduragabe» horien parean, hainbat kezka adierazi zituen Batera plataformak ere: «Non erabakitzen da Ipar Euskal Herriaz, Parisen edo Madrilen? Zer sinetsi behar ote dugu, Vallsen erranak edo Lebranchuren egitura instituzionalaz gogoetatzeko nahia? Vallsen jarrera pertsonala da, edo gobernuarena?». Galdera horiek argitzeko eskatu zion plataformak Frantziako Gobernuari. Hain zuzen, urriaren 11n bildu zen Euskal Herriko ordezkaritza bat Marylise Lebranchu ministroarekin, zeina deszentralizazioaz arduratzen den. Ipar Euskal Herriaren «onarpena» dakarren egitura instituzionalaz gogoetatzeko nahia agertu zuen orduan ministroak.
Espainiarekin bat, beti bezala
Bake prozesuaren alde urratsak egiteko nahikeriarik ere ez zuen adierazi Barne ministroak. Alderantziz, ETAk armak uzten ez ditueno erakundearen aurka «tinko borrokatuko» direla jakinarazi zuen. «Uste dut ETAk eta haren ingurukoek espero zutela Hollande boterera iristearekin gauzak alda zitezkeela [...]; oso argi utzi nahi dut ezer ez dela aldatuko».Espainiako Estatuarekin elkarlanean segituko dutela azaldu zuen, «Espainia %100 lagunduko» dutela zehaztuz. Euskal preso politikoen gaia Espainiaren «arazo, edo hobeki erranda, erronka bat» dela erantsi zuen.
Alta, sozialisten artean ere geroz eta gehiago dira euskal presoen eskubideen errespetuaren alde kokatzen. Besteak beste, Frederic Espagnac, Colette Capdevielle eta Alaux parlamentariek deitu dute Herrira-ren manifestaziora. Gizartearen nahiari begira Vallsek elkor segitzen duela gaitzetsi zuen Herrira-k.
Hautetsien haserrea piztu dute Vallsen hitzek
Barne ministroak dio ETAk armak uzten ez ditueno Ipar Euskal Herriaren ezagupenaz ez dutela hitz egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu