Askoren ametsa da hegan egitea. Horretarako aukera ematen dute aireko ultraarinek, lurraren gainazaletik 300 metrora paisaia izugarriez gozatuz. Baina, kirol guztietan bezala, hor ere badira kontuan hartzekoak. Joan den igandean, esaterako, Sesmako aerodromotik bi pertsona ultraarin batean osteratxo bat ematera irten ziren, baina hegaldia zoritxarreko bihurtu zitzaien. Putre bat gainera etorri, eta istripuan hil ziren biak. Adituek adierazi dutenez, horrelako kasuak oso noizbehinka gertatzen dira.
Nafarroan hiru aire eremu nagusi daude: Tuterako Ur Gazia kluba, Irunberriko Hegazkin Pilotuen Eskola eta Sesmako Pelikanoak kluba. Guztira, ehun bat bazkide daude, eta, gutxi gorabehera, 40 bat aireko ultraarin pribatu dituzte. Guztietan ematen dituzte pilotu izateko ikastaroak.
Hegazkin ultraarin bat gidatu ahal izateko, hain zuzen, aurrez beharrezkoa da ikastaro hori egitea. Juanjo Marques Tuterako Ur Gazia klubeko pilotuak jakinarazi duenez, autoko gidabaimena eskuratzeko prozesuaren oso antzekoa da: azterketa teoriko eta praktikoa egin behar dira. Hala ere, oharra egin du: «Pertsona bat ez da pilotu egiten titulua eskuratzean. Denbora eta praktika asko behar da. Nik 40 urte daramatzat hegan egiten, eta oraindik asko daukat ikasteko».
Marquesen aburuz, horrelako hegazkin batean pare bat orduz ibiltzeak «beste mundu batean» murgiltzen du pilotua. Ultraarin batean hegan egiteak, ordea, baditu bere arriskuak. Naturaren zenbait alderdi kontuan hartzea beharrezkoa bada ere, Tuterako pilotuaren esanetan, «hegazkinak ez dira erortzen, hegazkinak pilotuok botatzen ditugu». Baieztapen horrekin bat egin du Sesmako Pelikanoak hegaldi klubeko hegaldi buru Juan Antonio Gordoak: «Ultraarin batean hegan egiteak daukan arriskua pilotuak eman nahi dion arriskua izaten da».
Istripurik gehienak giza hutsegiteen ondorio zuzena izaten direla nabarmendu dute Marquesek eta Gordoak. «Huts tekniko bat izatea zailagoa da, hegazkinek etengabe pasatzen baitituzte azterketa zorrotz eta jakinak», nabarmendu du Marquesek. Bada azterketa horiek ez egin, eta arduragabekeriaz jokatzen duenik ere. Biziki arriskutsua da hori, Marquesen esanetan: «Autoaren motorra geldituz gero, garabiari deitzen zaio, eta kito. Hemen ezin da. Horrelako huts batekin bizitza jokoan jar dezakegu». Gordoak jakinarazi du askok ultraarinak akrobaziak egiteko erabiltzen dituztela. «Eta hegazkin horiek ez dira akrobaziarako. Maniobrak egin daitezke, hegazkinak utziko dizu, baina ez da batere segurua».
Horrez gain, Espainiako Sustapen Ministerioak garaieraren inguruan daukan arauari kritika egin dio Sesmako hegaldi buruak, eta araudia «oso zaharkitua» geratu zaiela argudiatu. «Azken hamabost urteotan hegazkinak asko garatu dira. Esaterako, lehen, 100 kilometroko distantzia orduko 50 kilometroko abiaduran egiten zen, eta, orain, 1.000 kilometro inguru, orduko 200 kilometroko abiaduran. Abiadura azkar horretan, lurretik 300 bat metrora soilik hegan egitea oso arriskutsua izan daiteke».
Eguraldiari begira
Meteorologiak ere eragin zuzena izan dezake hegaldietan. Beroa egiten duenean, esaterako, airearen dentsitateak gora egiten du, eta hegazkinaren zerbitzuak asko murrizten dira. «Hegazkinak abiadura handiagoa behar du mantentzeko, aireratzean pistak luzeagoa behar du...», azaldu du Marquesek. Bestalde, beroak turbulentzia ugari sor ditzake: «Lurra berotzean aire beroko zutabeak sortzen dira, eta horiek igotzean zurrunbiloak sortzen dira», gaineratu du Gordoak.
Haizea, aldiz, ez da hain arriskutsua. «Egia da mendi baten hegalean sartuz gero turbulentziak sor daitezkeela, baina hegazkinak haizearekin hegan egiteko sortzen dituzte, eta nahiko seguruak dira», dio Tuterako pilotuak. Batzuetan pilotu hasiberriak asko beldurtzen direla gaineratu du, baina, haren ustez, «pilotu baten segurtasunarentzat garrantzitsuena da une oro zer gertatzen ari den jakitea, bestela egoera ezin da kontrolatu».
Gordoak beharrezkotzat jotzen du orografiaren jakitun izatea: «Ipar haizeak gogor jotzean, ez da komeni Pirinioetara joatea, pilotuak ez badu mendiko haize uhinen norabideen ezagutzarik». Hala ere, haizeari bainoago, lainoari eman dio garrantzi handiagoa: «Guk VFR [ikus-hegaldirako arauak] sistemarekin egiten dugu hegan. Une bakoitzean non gauden ikusi behar dugu, eta lainoarekin askotan ezinezkoa izaten da».
Hegaztien inguruan hitz egitean haserre azaldu da Sesmako pilotua. Joan den igandean istripua izan zutenei beldurtutako putre bat gainera erori zitzaien, ez zuten talka egin animaliarekin. Izan ere, hegazti horiek beldurtzean hegoak itxi eta beren burua beherantz botatzen dute. «Administrazioan putreez arduratzen direnei kontrolpetik ihes egin die aferak. Hasieran, babestu beharreko animaliak zirela esaten zuten, eta, orain, izugarri galdu dute haien kontrola», dio, kexu. Haren arabera, 300 metrora hegan egin behar izanez gero, Nafarroan ez dago inguru segururik. «Putreak saihesteko aukera izan arren, sekulako arriskua sor dezakete, kilometro koadroko bikote gehiegi baitaude», ohartarazi du.
Hegan egin bai, baina tentuz
Joan den igandean bi pertsona hil ziren Milagron (Nafarroa), aireko ultraarin batean zihoazela putre bat gainera erorita; ezohiko istriputzat jo dute adituek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu