Hegaztien Gripea

Hegazti gripearen aurkako berrogeialdia bertan behera utzi dute

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek, Neiker laborategiak eta Elikagaien Segurtasunerako Elika fundazioak osatutako batzordeak, hegazti gripearen aurkako berrogeialdia bertan behera utzi du gaur. Euskal Herrian, Salburuako hezegunean antzemandako murgil handiaren kasuaz gain ez da H5N1 birusak kutsatutako hegazti gehiagorik aurkitu.

2006ko abuztuaren 7a
15:35
Entzun
Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak jakinarazi duenez “batzordeak kasuaren jarraipen zehatza egin du eta eskertzekoa da gizarteak izan duen jarrera”. Gainera, “hartu diren neurri guztiak Euskal Herriko ekimen eta kontrol maila paregabearen isla dira” gaineratu du Samaniegok gaurko agerraldian.

Hegazti asko aztertu dituzte jada Euskal Herrian. Ikertutako lagin guztietatik ez dago batere hegazti gripearen H5 eta H7 aldaeren eraginez kutsatua. Pasa den uztailaren 27an berrogeialdiaren lehen fasea amaitutzat jo zuten eta babes gunean hartutako neurriak kendu zituzten. Gaur, berriz, zaintza guneko neurriak ere bertan behera utzi dituzte.

Batzordea irailean bilduko da berriro ere lanarekin jarraitzeko. Gainera liburuxka informatiboak banatuko dituzte ustiapen guneetan, ehiztari eta basozainen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.