Hegemoniaren defentsan

Jordi Evoleren azken lanak hautsak harrotu ditu zenbait sektoretan, eta euskal gatazkaren gaineko kontakizunen inguruko eztabaida mahaigaineratu du horrek.

No me llame Ternera dokumentaleko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez du errealitatea irudikatzen», «biktimen sentsibilitatea urratu dezake»... Jordi Evolek zuzendutako No me llame Ternera (Ez nazazu Ternera deitu) dokumentalaren aurka esan diren esaldietako batzuk izan zitezkeen, baina duela bi hamarkada esanak dira. Orduan ere Donostiako Zinemaldiaren atarian, orduan ere euskal gatazka hizpide duen lan bat plazaratu aurretik. Aurretik, Euskal pilota. Larrua harriaren kontra filma ez baitzen estreinatu Julio Medem zinemagilearen kontrako kritika horiek egin zirenean.

Ikusi gehiago:«Guztiz aldebakarreko begirada» du filmak, Sorturen arabera

Badituzte zenbait antzekotasun Medemen eta Evoleren lanek, bai behintzat haien aurkako kritikei dagokienez —Evolerena ikusi egin beharko da bestelako antzik topatzeko—. Aurkezle katalanak Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa Zinemalditik kanpo uzteko eskaera egin zioten 514 pertsonak jaialdiko zuzendaritzari; horien artean, 2002an Medemen lana deitoratu zutenetako batzuk ere badira. Besteak beste, PPko kide eta Dignidad y Justicia elkarteko presidente Daniel Portero. Hark Auzitegi Nazionaleko fiskaltzari eskatu dio Evoleren lana ikusi eta aztertzeko estreinaldiaren aurretik —ezezkoa jaso du—. 2002an ere, PPk jarri zuen mahai gainean Euskal pilota Zinemalditik kanpo uzteko eskaera, jaialdiko kontseilua biltzeko eskatu baitzuen, pelikularen proiekzioaren inguruan eztabaidatzeko. Bi kasuetan, Zinemaldiak uko egin die halako exijentziei men egiteari.

Hogei urteko tarteak banatzen ditu bi lanak, baina, Arantza Santesteban zinemagilearen ustez, berbera da horiek isilarazteko arrazoia; hain zuzen ere, «entzun nahi ez diren edo deserosoak diren» iritziak ezkutatzea. Hori, euskal gatazkaren testuinguruan, kontakizunaren gaineko batailaren parte gisa ulertu behar da, «talka» horren erakusle: «Errelatoaren hegemonia dutenek isildu egin nahi dituzte errelato horren barruan sartzen ez diren iritziak», esan du Santestebanek.

Izan ere, zinemagileak uste du euren kontakizunaren «urraketa» posible baten aurrean «aktibatu» direla Jordi Evoleren filmaren kontra altxatu direnak. «Espainiako ikuspegi hegemonikotik, saiatuko dira saltzen gatazka politikoa ez dela existitu, eta zerbait izan bada, terrorismoaren kontrako garaipen polizial bat izan dela», xehatu du, eta gehitu kontakizun horretan ez dutela lekurik Josu Urrutikoetxearen adierazpenek.

Aipatutako bi filmek pairatutakoa ez da inondik inora salbuespena. Aitor Merino aktore eta zuzendariak badaki zer den Espainiako zenbait komunikabideren eta biktimen elkarteren jomugan egotea. 2013ko Zinemaldian aurkeztu zuten hark eta Amaia Merinok Asier eta biok dokumentala, Aitor Merinoren eta Asier Aranguren euskal preso ohiaren arteko harremana hizpide. Haiek goiburu honekin egin zuten topo La Razón egunkariko azalean: «Los 'amigos' de ETA se cuelan en el Festival de San Sebastián» (ETAren lagunak Donostiako Zinemaldian sartu dira). AVTk eta Dignidad y Justiciak, berriz, mehatxu egin zuten auzitara joko zutela baldin eta «terrorismoaren nolabaiteko apologiarik» antzematen bazuten. Berriz ere, dena filma aurkeztu aurretik.

Merinok gogoan du zein izan zuen lehen erreakzioa: «Beldurra». Gero, «sustoa pasatuta», hobera egin zuen egoerak, baina ez zuen askorik iraun. Filma aretoetan estreinatzeko prest zeudela, Guardia Zibilak Asier Aranguren eta beste zazpi lagun atxilotu zituen, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontrako operazioan. «Gogorra eta mingarria izan zen. Hedabideetan bi berriak lotu zituzten —atxiloketa eta estreinaldia—, eta areto askok ez zuten filma eman nahi izan», gogoratu du zuzendariak, eta gehitu «zentsura saiakera finago bat» ere pairatu zutela: laguntza publikoak ukatu zizkieten, eta Espainiako telebista publikoak ez du inoiz hura emititzeko interesik erakutsi. «Existituko ez bazina bezala jokatzen dute».

Izan ere, Merinoren esanetan, euskal gatazkaren inguruko kontakizunak mugatzeko modu bakarra ez da horiei eraso egitea. Ander Iriarteren Karpeta Urdinak dokumentala jarri du horren adibidetzat (2022). Hura ere Zinemaldian aurkeztu zuten, eta euskal herritarrek jasandako torturak ditu ardatz, Kriminologiaren Euskal Institutuak eginiko lanetatik abiatuta. Ibilbide luzea egiten ari da Euskal Herriko aretoetan, eta zenbait jaialditan ere izan da —publikoaren saria irabazi zuen Documenta Madrid jaialdian—. Merinoren hitzetan, ordea, aipagarria da Espainiako hedabideek izandako jarrera: «Tortura sistematikoa izan dela kontatzen duen film bat dago, eta inork ez du eskandalurik egiten?». Hala, «eskandaluetan» soilik ez, «isiltasunetan» ere jarri du arreta.

Kontakizuna(k)

Urrutikoetxeari eginiko elkarrizketaren kontrako jazarpenaren eraginak ezingo dira aztertu filma ikusgai egon arte, baina, Merinoren esanetan, halakoetan lortu nahi denaren aurkakoa izaten da emaitza: «Oso argi ikusten da zentsore horien joera bidegabea. Hain da zentzugabea, antidemokratikoa eta faxista, oso argi ikusten baita». Antzera, Santestebanek ere adierazi du ikusleak ez direla «inozoak», eta haiei dagokiela erabakitzea filma ikusi edo ez eta hura nola interpretatu.

Halere, Santestebanek eta Merinok uste dute Evoleren lana ez dela asko aldenduko Espainian euskal gatazkaren inguruan dagoen «kontakizun hegemonikotik». Izan ere, Merinok azaldu du «estatuko botere mediatikoek» kontakizun «itxi bat» sustatzen dutela: «Euskal Herrian, gehienok badakigu gutxi gorabehera bizipen eta ikuspegi ezberdinak daudela, baina estatuan, orokorrean, ez dute jakin nahi edota ez dute nahi inork jakitea». Horren aurrean, beste ikuspuntu batzuk ere ikusarazi behar direla adierazi du, kontakizuna «aberasteko».

Bide horretatik, Santestebanek esan du gero eta analisi gehiago daudela euskal gatazkaren inguruan. «Euskal Herrian gazte asko ari dira bestelako errelatoak egiten, edo galderak egiten. Irlandan gertatu da, Afrikako gatazketan ere bai. Beti dago belaunaldi bat galderak egiten dizkiona aurrekoari», azaldu du, eta gehitu du hori «geldiezina» dela: «Zentsura saiatzen da hegemonikoa den ikuspegi horri eusten, baina oso zaila da».

Era berean, ordea, Santestebanek uste du gizarteak prest egon behar duela horiei lekua uzteko: «Euskal Herrian prest gaude narrazio ezberdinak sostengatzeko? Gatazka modu kritiko batean berrirakurtzeko? Feminismotik eta posizio kritikoetatik egindako berrirakurketak onartzeko?». Hala, «posizio esentzialistei» eusteko nahia baztertu behar dela azaldu du, eta analisi berri horiek babesteko deia egin: «Horretarako, espazioak sortu behar dira, eta lan asko komunean jarri. Lan handia dago errelato kolektibo bat josteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.