Hego Euskal Herrian astebetez luzatu dituzte indarrean diren murrizketak

COVID-19aren hedapena murrizte aldera, neurriei eutsiko diete Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du etxeratze agindua abuztuaren 26ra arte luzatzea.

Herritarrak Gasteizko kaleetatik paseatzen, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain-Irati Urdalleta Lete
2021eko abuztuaren 18a
13:43
Entzun

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko asmoz Hego Euskal Herrian indarrean diren neurri murriztaileak gutxienez astebete gehiagoan egongo dira indarrean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi dute eutsi egingo dietela neurrioi, pandemiaren bilakaera ez delako oraindik aski ona.

Labi EAEko Babes Zibileko Planaren batzorde teknikoak gaur goizean erabaki du astebetez luzatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden neurri murriztaileak. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, abuztuaren hasieratik bilakaera epidemiologikoa hobera egiten ari da, bereziki azken hamalau eguneko intzidentzia metatuak beheranzko joera hartu duelako, baina Labik uste du «zuhurrena» dela neurri murriztaileei eustea, jaitsiera hori finkatze aldera. Izan ere, tasa hori handia da oraindik ere: 507koa da egun. Uztailaren 29an, 873koa zen tasa metatu hori, eta, ordutik, %40 jaitsi da. Hala ere, aldagai hori ez da nahi beste hobetu, eta, Bizi Berri Planaren arabera, hirugarren mailan dago oraindik erkidegoa. «Hobeto gaude, baina ez gaude ongi», ohartarazi du Sagarduik.

Bereziki kezkatzekoa da azken asteotako kutsatzeek ospitaleetan eragindako presioa eta hildakoen kopurua. Osasun sailburuak jakinarazi duenez, oraintxe 331 lagun daude ospitaleratuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 75 daude ZIUetan, larri. Sagarduik jakinarazi duenez, Osakidetzaren ZIUetan koronabirusak jota dauden 75 gaixoetatik 49 txertorik jaso ez duten herritarrak dira. Azken astean, 35 lagun hil dira gaitzarekin.

Datorren asteko ostegunean bilduko da berriro Labiren batzorde teknikoa, egoera aztertzeko.

Etxeratze agindua, hilaren 26ra arte

COVID-19aren hedapena murrizte aldera, neurriei eutsiko diete Nafarroan ere. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak iragarri duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du etxeratze agindua abuztuaren 26ra arte luzatzea, Nafarroako Gobernuak egindako eskaerari erantzunez. Horrenbestez daturik okerrenak dituzten herrietan debekatuta egongo da kalean ibiltzea 01:00etik 06:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta herriko festetako egunetan. Indurainek Marian Nuin Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera egin duen prentsaurrekoan ziurtatu duenez, beharrezkoa da gaueko mugikortasuna murriztea, datuek intzidentziaren «egonkortze bat» erakusten badute ere «zuhurtziaz» jokatu beharra dagoela irizten baitio.

Datuak hobetzeko bidean txertaketak duen garrantzia nabarmendu du Indurainek, aurreko olatuen eta oraingoaren arteko desberdintasuna txertoak markatu duelakoan. Hala erakusten dute Nuinek emandako datuek ere: azken olatuan, txertaketaren bidez, heriotzen %89, ospitaleratzeen %80, ZIUetako ospitaleratzeen %70 eta sintomadun kasuen %46 eragotzi dira.
Herritarren erantzun ona goraipatzearekin batera, Indurainek adierazi du «azken bultzada bat» falta dela, eta, ahalik eta herritar gehienak txerta daitezen, beste neurri bat iragarri du: gaitza igarotakoak txertatzeko epea bi hilabetera murriztu dute, eta ez dute sei hilabete igaro arte itxaron beharrik izango. Gainera, azaldu duenez, orain arte txertoari uko egin diotenei ere berriz deituko diete, hartzeko aukera eskainiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.