Hego Euskal Herrian lan egiten duten enpresetan «euskarazko arreta bermatzeko akordioa» sinatu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak

Bezeroentzako arreta zerbitzuak arautuko dituen lege proiektuan bi zuzenketa txertatuko ditu Espainiako Gobernuak, koalizio independentistarekin adostuta. Enpresek aukera eman beharko diete bezeroei kexak eta erreklamazioak euskaraz aurkezteko.

Mikel Otero EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
Mikel Otero EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 21a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian lan egiten duten enpresek «euskarazko arreta pertsonalizatua» bermatzeko akordioa itxi dute gaur EH Bilduk eta Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoek. Koalizio independentistak ohar batean adierazi duenez, bezeroentzako arreta zerbitzuak arautuko dituen lege proiektuan zenbait zuzenketa txertatuko ditu gobernuak, EH Bildurekin hala negoziatuta. Horiek horrela, euskarazko arreta emateaz gain, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan lan egiten duten enpresek bidea eman beharko diete bezeroei edozein komunikazio —kexak, kontsultak edo erreklamazioak— euskaraz aurkeztu ahal izateko. EH Bilduren ustez, zuzenketa horiek «asmo orokor hutsa» baino gehiago dira, eta harreman komertzialetan euskararen erabilera «blindatzeko» balioko dute.

Koalizioak uste du «urrats oso garrantzitsua» izanen dela hizkuntza eskubideak errespetatzeko bidean. «Aurrerapausoa da gure hizkuntzaren erabilera gero eta esparru eta harreman gehiagotara zabaltzea; oraingo honetan, Hego Euskal Herrian zerbitzua ematen duten enpresekin izaten diren harremanetara».

Legearen 7. artikulua da moldatu dutenetako bat. Horren arabera, bezeroek aukera izanen dute kexak eta erreklamazioak «hizkuntza ofizialetan» aurkezteko, «hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten autonomia erkidegoetan». Bestalde, 8. artikuluan txertatutako zuzenketa bati esker, hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten erkidegoetan «euskarazko arreta pertsonalizatua» bermatu beharko dute enpresek.

Ikusteko dago bi artikulu horiek nola aplikatuko diren Nafarroako hegoaldean, kasurako, 1986ko Euskararen Legearen eta Foru Hobekuntzaren ondorioz, eremu horretan euskara ez baita ofiziala.

Espainiako Kongresuko ponentziak bide eman die gaur EH Bilduk proposatutako aldaketei; hurrengo asteetan batzordeko eta osoko bilkurako tramitea gaindituz gero, indarrean sartuko dira bi neurriok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.