Erretzeko debeku gehiago ezarri nahi dituzte Euskal Herri osoan

Espainiako eta Frantziako gobernuek kerik gabeko eremuak zabaltzeko asmoa dute. Debeku batzuk herrialde osoan ezarriko lirateke; beste batzuk, mugaren alde banatan. Hegoaldean, litekeena da terrazetan ezartzea mugak. Iparraldean, berriz, hondartzetan.

Gizon bat zigarro bat pizten, artxiboko irudi batean. BRAIS LORENZO / EFE
Gizon bat zigarro bat pizten, artxiboko irudi batean. BRAIS LORENZO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 29a
21:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herri osoan are gehiago murriztuko dira erretzea baimenduta dagoen eremuak, Espainiako eta Frantziako gobernuek prestatu dituzten neurriak bere horretan indarrean sartzen badira. Kerik gabeko eremu batzuk orokorrak izango dira: esate baterako, autobusen markesinak eta kirol instalazioak. Beste batzuk, berriz, mugaren alde banatan bakarrik ezarriko dira. Adibidez, Hego Euskal Herrian terrazetan erretzea debekatu asmo dute, Espainiako Gobernua prestatzen ari den tabakoaren aurkako lege aurreproiektuaren arabera. Iparraldean, berriz, hondartzak, parkeak eta eskola inguruak hartuko ditu debekuak, besteak beste. Murrizketak aplikatzen hasteko egun bat ere ezarri du Frantziako Gobernuak: uztailaren 1a.

Espainiako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, erretzea debekatuta dagoen eremuak areagotzea da legearen helburu nagusietako bat. Horiek horrela, aurreproiektua lege bihurtzen bada, Hego Euskal Herrian ezingo da terrazetan erre; baina ezta markesinetan, lanerako diren ibilgailuetan, unibertsitate campusetan, institutuetako patioetan, kirol instalazioetan, erabilera kolektiborako igerilekuetaneta aisialdirako aire zabaleko guneetan ere. Dena den, Osasun Ministerioak oraindik ez du «guztiz zehaztu» zer eremutan galaraziko duten erretzea. Aurreproiektua lege bihurtzeko, zirriborroa aurkeztu ostean, Ministroen Kontseiluak onartu behar du, eta, gero, Kongresuak onetsi beharko du. 

Frantziako Gobernuak, berriz, dekretu bidez ezarriko ditu neurriak. Catherine Vautrin Osasun ministroak Ouest-France egunkarian eman du bere asmoen berri. Uda hasieran sartuko dira indarrean, eta arauak urratzeagatik 135 eurorainoko isuna ezar dezakete. Espainiakoek bezala, Frantziako murrizketek ere aire zabaleko eremu handiak hartuko dituzte, eta ministroak ikastetxeen kanpoaldeetan debekatzeari garrantzi berezia eman dio, «ikasleek ez dezaten erre egoitzaren aurrean». Frantziako Gobernuak oraingoz ez du terrazetan erretzea debekatzeko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.