Hego Euskal Herriko herritarrak Ipar Euskal Herrian txertatzeko irizpideak zehaztu dituzte

Iparraldean bizi behar da bertan txertoa hartzeko. Halere, lehen dosia Iparraldean hartu duten Hego Euskal Herritarrek bigarren dosia hartzen ahalko dute leku berean.

Herritar bat txertoa jartzen, Baionako txertaketa gunean. GUILLAUME FAUVEAU
2021eko ekainaren 24a
17:04
Entzun

Azken asteetan zenbait hedabidek plazaratu dute Hego Euskal Herriko zenbait biztanle Iparraldera joan direla txertatzera, txertaketa plangintzan adin irizpideak kontuan hartzen ez dituztela baliatuta. Hautsak harrotu ditu albisteak, baita zenbait erreakzio sortu ere agintarien artean. Azken egunetako irizpideak lausoak ziren: zenbait lekutan Hego Euskal Herriko herritarrak txertatzeko debekua jaso dute, hala nola Miarritzeko txertaketa gunean, baina Capbretongo (Landak) txertaketa gunean oraindik ere txertatzeko baimena zuten. Pirinio Atlantikoetako prefeturak BERRIAri zehaztu dio Ipar Euskal Herriko txertaketa guneetan txertoa hartzeko irizpidea: Ipar Euskal Herrian bizi diren Hego Euskal Herriko biztanleak baizik ez dituzte txertatzen ahal. Halere, txertoaren lehen dosia Iparraldean hartu dutenek bigarrena ere har dezakete leku berean.

Haatik, Landetan, irizpidea desberdina da, gaur-gaurkoz: Capbretongo (Landak) txertaketa guneko langile batekin hitz egin du BERRIAk —ez du izenik eman—, eta azaldu du ordu gutxian aldatu dela «nazionalitate espainola duten herritarrak» txertatzeko irizpidea. Izan ere, astelehenean, Landetako prefeturak erran zuen ez zegoela baimenik horiek txertatzeko, baina denbora gutxi iraun du aginduak: astearte arratsalderako kendua zuten irizpidea, eta berriro ere ekin ahal izan diote Hego Euskal Herriko biztanleak txertatzeari. Halere, langileak erran du «nahasmena» dagoela gaiaren inguruan, eta «datozen aginduei etengabe egokitzen» ari direla langileak, nahiz eta horrek antolaketa «zailtzen» duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.