Bilduk Hego Euskal Herrian 300 zerrenda inguru aurkeztu zituen atzo, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako. «Aldaketa» ekarriko duten zerrendak, Bilduk «politika egiteko era berri bat» ekarriko duelako Ikerne Badiola koalizioko kidearen hitzetan. Aldaketa politiko eta sozial horretan «protagonista» izan nahi dutela gaineratu du Badiolak. Hala, «proiektu handi, espekulatibo eta justifikaziorik gabekoak» baztertuko dituztela gaineratu du, «herritarrentzako politika» egiteko.
Donostian eginiko prentsaurrekoan Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Donostiarako zerrendak aurkeztu ditu Bilduk. Koalizioaren alkategaia Juan Carlos Izagirre Itsas Aurre plataformako bozeramailea izango da. Foru Aldundirako zerrendetan, berriz, Martin Garitano kazetaria ageri da zerrenda bateratu baten buru gisa; Iñaki Agirrezabalaga, Judit Garcia eta Gurutze Baztarrika dira beste zerrendaburuak.
Erakundeek herritarrekiko izan behar duten «gertutasuna» nabarmendu dute Garitanok, eta Donostiako zerrendarako hautagai den Jon Albizuk. Bi erakundeek herritarrei «bizkarra eman» izana deitoratu dute, eta «ezkerretik datorren» aldaketa baten beharra goraipatu, politika «eraldatzeko» konpromisoa dutelako.
Bilduko kideak ziur dira bozetan «herritarren babes handiena jasoko duen proiektua» ordezkatzen dutela, babes soziala erakundeetako errepresentazioarekin islatzeko. Aldaketa politiko eta soziala beren eskutik etorriko dela ziurtatu dute. «Instituzioetako poltrona guztiak» kentzeko eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa eskuratu ditzan «ekintza batasuna» beharrezkoa dela adierazi du Badiolak.
Inpugnazioaren mehatxua
Zerrendak aurka egiteko alderdi batzuek egindako mehatxua gogoan izan dute koalizioko kideek. «Munduko lupa guztiekin ere ez dute gure zerrenden aurka egiteko arrazoi juridikorik aurkituko». Badiolaren hitzetan, «beldur diote demokraziari».
Goizean, Iruñean, Aberri Egunean Gernikara eta Baigorrira joateko deia luzatzeko prentsaurrekoan, inpugnazioaren ingurua hitz egin zuten koalizioko kideek. Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ustez, proiektu politiko oro aurrez aurre aukera berdintasunean lehiatzeari diote beldurra.Bere aburuz, «hamaika arrazoi» daude Bilduren zerrenden aurka jo nahi izateko, baina «zerrendak baliogabetzeko frogarik ez dago».Urizarrek gaineratu zuen baliogabetze saioaren atzean «arrazoi politikoak» baino ez daudela. «Arrazoi politikoak daude badakitelako apustu hau serioa dela eta herrialde honetako egoera politikoa aldatuko duela», erantsi zuen.
Hego Euskal Herriko ia 300 udalerritako zerrendak aurkeztu ditu Bilduk
Gipuzkoako Foru Aldundirako zerrendan Martin Garitano da zerrendaburua, eta Juan Carlos Izagirre Donostiako alkategaiaKoalizioaren babes soziala erakundeetan islatuko dela ziurtatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu