Transmisioari buruzko datuek agerian utzi dute beheranzko joera eten egin dela: birusa hanpatu egin da. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak ekainaren 1ean gainditu zuen 400 positiboren langa azken aldiz, atzo arte. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 456 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hego Euskal Herrian egindako probetan, eta, hain zuzen ere, maiatzaren 15etik erregistratutako kutsatu kopururik handiena da hori. Izan ere, transmisioa barealdi betean izan da azken bi hilabeteetan. Orain, kutsatuen kurbak gorako bidea hartu du atzera ere.
Hegoaldeko osasun sistemek emandako azken datuen arabera, atzo 8.934 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta, beraz, %5 izan zen positiboen portzentajea. OME Osasunaren Mundu Erakundeak langa hori du zehaztua izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga gisa.
Kutsatuen kopuruak lurraldez lurralde aztertuta, hauek dira atzo egindako testek utzitako datuak: Bizkaian 178 positibo zenbatu ziren; Gipuzkoan, 165; Nafarroan, 68 eta Araban, 37. Egunean eguneko datuetan ez ezik, Hegoaldeko herrialdeen intzidentzia tasa metatuetan ere antzeman daiteke kutsatzearen goraldia: tasak lauretan egin du gora. Gipuzkoan da handiena (125), eta hurbil du Bizkaia: 122. Araban eta Nafarroan, tasak apalxeagoak dira, baina biek ala biek dute ehunen bueltako datua: Araban, 100; Nafarroan, 95.
115 paziente erietxeetan
Ospitaleei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute oraintxe bertan guztira 115 lagun direla Hego Euskal Herriko zentroetan gaitzarekin ospitaleratuta. Zehazki, horietako 38 ZIUetan sartuak dira. Halaber, osasun agintariek emandako datuen arabera, atzo 21 lagun erietxeratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta.