Euskal Herriko gehiengo sindikalak -ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk- kalean erantzungo die, bai Espainiako Gobernuak defizita murrizteko iragarritako neurriei, baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurriak horiek onartzeari. Hego Euskal Herriko sektore publikoko langileak aterako dira grebara: 145.000 inguru dira guztira.
Egun horretarako beste greba bat dago antolatuta sektore publikoan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publiko ez unibertsitarioko langileena, ELAk, LABek eta EILASek deituta.
Sindikatuek uste dute murrizketek, krisia gainditu ordez, larritu egingo dutela, eta justu kontrakoa egiteko eskatu dute: "Zerbitzu publikoak sendotu eta garatu, estaldura eta kalitatea hobetu, eta enplegu publikoa sortu".
Jaurlaritzarentzat biharko greba deialdia «okerra eta arduragabea» da. Baita «goiztiarra eta neurrigabea» ere.
Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuak
Hauek dira Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 25eko sektore publikoko grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
Osakidetza. Ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua eskainiko dute, lehen mailako arretan larunbatetakoa eta larrialdi zerbitzuetan ohikoa. Atzeratu ezin diren dialisi eta tratamendu onkologikoak eskainiko dituzte ospitaleetan.
Zahar etxeak. Zuzeneko arreta bermatuko dute zahar etxeetan, eguneko zentroetan eta mendekotasunen bat dutenei zerbitzuak eskaintzen dizkieten lekuetan. Eguneko zentroetara eramateko garraio zerbitzu berezia ibiliko da.
Hezkuntza. Haur eskolak, ikastetxeak eta Euskal Herriko Unibertsitatea zabalduko dituzte, baina sarrera-irteerak kontrolatzeko gutxieneko langileak bakarrik egongo dira.
Larrialdi zerbitzuak. Jaiegunetan izan ohi diren langileek lan egingo dute SOS Deiaken, babes zibilean, suhiltzaileetan...
Mobilizazioak
ELAk, LABek, ESK-k, EHNEk, EILASek eta Hiruk mobilizazioak antolatu dituzte biharko.
Manifestazioak. Hiriburuetakoak 11:30ean abiatuko dira, Bilbon Jesusen Bihotzetik, Donostian Bulebarretik, Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik eta Iruñean Udaletxe plazatik.
Elkarretaratzeak. 10:30etik aurrera, diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzen aurrean. Eskualdeetan 09:30etik aurrera egingo dituzte.
Osakidetza. Osasun zentro guztien aurrean kontzentrazioak antolatu dituzte Satse, SME, SAE eta Utese sindikatuek, maiatzaren 27an, 12:00etan.
ekonomia
Hego Euskal Herriko sektore publikoko langileak grebara aterako dira bihar
Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta greba egingo dute milaka langilek, Espainiako Gobernuak erabakitako murrizketekin ez daudela ados erakusteko. Hainbat mobilizazio izango dira hegoaldeko hiriburuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu