Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Madrilek

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 26a
13:57
Entzun

Fase batetik bestera igarotzeko egoera epidemiologikoa biltzen duen txosten bat bidali zioten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Osasun Ministerioari, eta hark atzo arratsaldean zabaldu zituen lurraldeek egindako txostenak eta fasea aldatzeko emandako arrazoiak. Espainiako Osasun Ministerioak egindako txostenetan zehaztu dutenez, lehen fasera igarotzeko adierazleak «hagitz positiboak» ziren Nafarroan. EAEko txostenari dagokionez, Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia» izan zen lehen fasera igarotzeko arrazoi nagusia. 

Espainiako Gobernuaren txostenaren arabera, maiatzaren 8an Nafarroako ospitaleetan bermatuta zeuden ZIU unitateetako eta larri zeuden gaixoentzako oheak. Gainera, txostenean adierazi dute Nafarroak bazuela aukera 100.000 biztanleko 37 ohe eta ZIUko 2,6 ohe gehitzeko larri zeuden pazienteentzat. Maiatzaren hasierako egoera epidemiologikoa «ona» zela dio txostenak, eta, gainera, azken zortzi egunetan ez zela kasu sintomatikorik azaldu. Garai hartan sintomak zituztenen %60ri PCR proba egiten zietela ere jaso dute txostenean, eta epidemia azkar detektatzeko gaitasuna eta beharrezko lan taldeak ere bazeudela Nafarroan. 

Txostenaren arabera, Nafarroak sare eraginkorra du kasu berriak detektatzeko. 24 orduan PCR probak egiteko sistema duela nabarmendu dute txostenean, eta arta hori oinarrizko arreta zerbitzutik bideratzen dela. Txostenean adierazi dute zirkuitu bat dutela PCR proba 24 ordu baino lehen egiteko Nafarroako osasun zerbitzuen 112 telefonotik edo landa eremuko osasun zerbitzuetatik bidalitako pazienteei. Era berean, gehitu dute etxez etxeko osasun zerbitzuak «ibilbide luzea» duela Nafarroan, eta osasungintzako profesionalek hasieratik ekin ziotela telefono bidezko kontsultak egiteari. 

Osakidetzari dagokionez, pazienteak artatzeko duen gaitasun handia nabarmendu du Espainiako Osasun Ministerioak. Hala, behar izanez gero, Osakidetzan ZIU unitateetako 620 ohe daude, ministerio horren arabera, eta larri dauden pazienteentzako 8.509 ohe. Gainera, Osakidetzak PCR testak egiteko duen gaitasuna ere azpimarratu dute, eta nabarmentzen mila biztanleko test gehien egiten dituzten lurraldeetan bigarrena dela. 

Nafarroan bezala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere osasun profesionalen koordinazio ona nabarmendu dute txostenean. Hala, bereziki azpimarratu dute Osakidetzak espresuki sortu dituen zirkuituak: koronabirusaren sintomak dituztenak artatzeko dira. Txostenaren arabera, maiatzaren hasieran EAEko egoera epidemiologikoa baxua zen, eta ospitaleetako okupazioa ere, txikia. ZIU unitateen %28,2tan zeuden koronabirusa zuten pazienteak, eta gaixo larrientzako oheen %7,9tan. 

Hobetu beharrekoen artean, zehaztu dute Nafarroak hobeto eman behar diola Espainiako Zaintza Epidemiologikoko Sareari kasuen berri, eta gaixoen sintomak noiz hasi diren zehaztu. EAEri dagokionez, txostenean ez dute hobetu beharreko punturik adierazi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.