Hegoaldean 5 urtez bizi izandakoek bertan bozkatzea proposatu du PPk

Fernandez Diazek dio Hauteskunde Legearen aldaketa juridikoki «bideragarria» dela eta orain adostasuna lortzen saiatuko delaEz da frogarik aurkeztu beharko ETAren mehatxuengatik joan izana argudiatzeko

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Hauteskunde Legea aldatzeko txosten juridikoaren ondorioak aurkeztu ditu. Ondorio horietan jasotzen da legea aldatzeko proposamena. Fernandez Diazek esan du teknikoki, juridikoki eta konstituzioaren arabera ere «bideragarria eta posible» dela ETAren «mehatxuagatik» Euskal Herritik joandakoek EAEn edo Nafarroan bozkatzeko aukera izatea. Lege proiektuaren arabera, Espainiako beste erkidego batzuetan bizi izanda ere, Euskal Herriko hauteskunde eta galdeketa guztietan bozkatu ahalko lukete «ETAren presioz» alde egin izana argudiatzen dutenek. Ikerketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroak egin du txostena, eta bertan zehazten dira lege aldaketa horri atxikitzeko hautesleek bete beharreko baldintzak.

1977ko uztailetik, lehen hauteskundeak egin zirenetik, iazko abendua arte, gutxienez bost urtez Euskal Herrian bizi izan direnek baliatu ahalko dute lege aldaketa. Txostenean azaltzen denez, aldaketa noizbait Euskal Herrian bozkatu izan dutenei soilik aplikatzeko jarri dute epe hori, eta ez bizilekua diktadurako urteetan aldatu zutenei. Hori, eta «ETAren mehatxuagatik» joan izana argudiatzea; bi baldintzok nahikoa lirateke EAEko nahiz Nafarroako hauteskunde erroldan sartzeko.

Bigarren baldintza ontzat emateko, nahikoa izango da ETAren edo «terrorismoaren» presioa jasan izana baieztatzea, salaketa edo txosten judizialik aurkeztu beharrik gabe. Izan ere, lege proiektuan esaten denez, «mehatxu» horien xehetasunak azaltzeko eskatzeak «sufrimendu gehigarri» bat ekar diezaieke aukera hori baliatu nahi dutenei. Horregatik, aurkeztu beharreko dokumentuak «egiazkotasun presuntzioa» izango du. Espainiako hauteskunde erroldaren bulegoetan egin beharko da eskaera, bertan eskuratu ahal izango den dokumentu baten bidez, legea onartzen denetik sei hilabeteko epean. Bozkatzeko moduari dagokionez, posta bidezko botoa hobetsiko dela aurreratu dute, bozkalekuan bertan egiteak «prozedura zaildu» lezakeelako. Hala ere, txostenaren egileek diote «kaltearen konponketa moduan sinbolismo handia» izango lukeela bozkatzera Euskal Herrira etortzeak.

Denborak eta boto kopuruak

Erreformak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako izan dezakeen eraginaren inguruan, Fernandez Diazek adierazi du aurrena adostasuna lortzen saiatuko dela. «Ez gara hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik», gaineratu du. Proposamena onartu baino lehen, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostasuna lortu nahi duela adierazi du Barne ministroak. Espainiako Parlamentuko gainontzeko taldeekin ere akordioa lortu nahiko lukeela esan du, bereziki PSOErekin. Esan du «berehala» bidaliko diela proposamena alderdi guztiei. Ez, ordea, Amaiurri: «Akordioa ez da posible, ETAri desegiteko eskatzen ez dion artean». Lege proposamenean bertan azaltzen denez, «2014ko Europako hauteskundeetarako errolda osoa prest ez egoteko arriskuagatik» mugatu dute sei hilabetera eskaria egiteko epea.

Fernandez Diazek ez du zehaztu zenbat hautesleri eragin diezaikeen lege aldaketak. Hala ere, esan du «euskaldun edo nafar bakar batek bozkatzeko aukerarik ez izatea» nahikoa litzatekeela proposamenak «zentzua» izateko. ETAk eta «haren inguruak» pertsona asko Euskal Herria uztera behartu dituela diote txostenaren egileek. Hala, ETAk erroldaren «garbiketa» egin nahi izan duela diote, eta pertsona horiek bi autonomia erkidegotan bozkatzeak «erreparazio sinbolikoa» ahalbideratuko lukeela: «Lege proiektu honek zilegi eta justua den aldarrikapen bat juridikoki gauzatu nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.