Hego Euskal Herrian tortura eta tratu txarrengatik hamabi salaketa egon ziren 2016an. PTSK Espainiako Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak jaso ditu datu horiek, iazko jarduerari buruzko txostenean. Sei gertaeratan jazo ziren kasuok: Nafarroan, hiru gertakari izan ziren, eta bana Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2015eko datuekin alderatuta, gutxitu egin dira kasuak, baita kaltetuen kopurua ere. Ordea, txostenaren egileek oroitarazi dute biktimek ez dutela salatzen, beldurragatik. Hortaz, Oihana Barrios Jaiki Hadi elkarteko psikologoak nabarmendu du datuek ez dutela errealitatea islatzen.
Halaber, txostenean gogorarazi dute iaz bi pertsona hil zirela Hegoaldeko polizia etxeetan. Lehena urriaren 25an gertatu zen, Iruñean. Espainiako Poliziak gizon migratzaile bat atxilotu zuen. Lekukoen arabera, indarkeria baliatu zuten, eta gizona konorterik gabe sartu zuten patruilan; ordu gutxien buruan hilda aurkitu zuten polizia etxean. Urriaren 28an izan zen bigarren heriotza, Sestaoko komisarian: Gurutzetako psikiatria atalean ospitaleratuta egon zen 22 urteko gizonezko bat.
Espainiako Poliziak jaso ditu salaketa gehien Hego Euskal Herrian. Guztira bederatzi pertsonak egin dute haien kontra, guztiak Nafarroako hiru gertakariengatik: hildako pertsonaren kasua, eta PTSKren iritziz oinarririk ez zuten bi oldarraldi. Ertzaintzaren aurkako bi salaketa ere izan ziren, eta Gasteizko Udaltzaingoaren aurkako bat.
Ikerketak zaildu
Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeko kideek kritikatu dute «gero eta zailagoa» dela tortura salaketak ikertzea. Cesar Manzanos Arabako Salhaketako kidea ezkorra da: «Eskubideen bermea ahalbidetuko duten mekanismoak ezarri beharrean, gertaerak ezkutatzeko prozedurak abiarazten dituzte». Jokabide hori orokortuta dagoela azaldu dute, bai fiskaltzetan, bai administrazio azpiegituretan.
Kartzelen egoeraz ohartarazi ere du koordinakundeak. Silvia Encina abokatuak azaldu du bakartuta dituzten pertsonak «zigor doblea» jasaten dutela. «Araudiaren aurka», 42 egun jarraian ziegan itxita egon diren kasuak badaudela esan du. Halaber, egoera horiek salatzearen beldur direla berretsi du, horrek ekar litzakeen ondorioengatik. «Zaila da atea ireki eta ixten dizunaren aurka egitea».
Hegoaldean hamabi tortura kasu salatu dituzte 2016an
Torturaren Prebentziorako eta Salaketarako Koordinakundeak ohartarazi du gehiago direla, baina biktimak salatzeko beldur direla

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu