Espainiako hauteskundeak. Hautagaitza bateratua

Hegoaldeko «indar progresisten» zerrenda bateratua proposatu dute

Espainiako hauteskundeetara bat eginda aurkeztea dute helburu.Gizarte zibilari ez ezik, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra, Irabazi eta Equori ere egin diete deia.Sustatzaile gehienak EHUko irakasleak dira

Begoña Zabala, Irantzu Varela eta Ramon Zallo, atzo, Bilbon, Espainiako bozetarako hautagaitza bateratuaren asmoa aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
«Aro politiko berria» baliatuz,Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat pertsona ezagunek bat egin dute proposamen batekin: urte bukaeran izango diren Espainiako hauteskundeetarako, Hego Euskal Herriko «indar progresisten» artean «hautagaitza bateratu bat» aurkeztea. Manifestua aurkeztu eta asmoen berri emateko, Ramon Zallok, Irantzu Varelak eta Begoña Zabalak agerraldi bat egin zuten atzo Bilbon, sinatzaileen ordezkari gisa.

Azaldu dute egitasmoa gizartearen «gehiengoaren» eskaerei erantzuteko eratu dutela. Aurkeztu duten manifestuan, «Euskal Herriko herritarren hiru kezka nagusi» jaso dituzte: aldaketa soziala, erabakitzeko eskubidea, eta pluraltasuna eta indarkeria guztiei uko egitea. Aldaketa soziala austeritate politikak alde batera utzita garatu nahi dute, lana generoaren arabera banatzen duen «logika patriarkala» indartzen dutelako.Bestalde, «subjektu politiko» diren aldetik, EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak haien etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela adierazi dute, betiere bien arteko «desberdintasunak» kontuan hartuta.

Alderdi progresistei deia

Oraingoz, gizarte zibileko pertsonak dira zerrenda bateratuari atxikimendua adierazi diotenak: gehienak unibertsitatetik etorriak, baina baita mugimendu feminista eta ekologistakoak ere, eta euskalgintzatik datozenak. Unibertsitatetik abiatu da egitasmoa, baina hemendik aurrera beste arlo eta sektore batzuetara heltzeko nahia azaldu dute.

Hala ere, hautagaitzaren sustatzaileek gonbita egin diete «indar politiko progresistei» proiektuarekin bat egin dezaten. Nafarroako gobernu berria aipatu dute, agintzeko elkartu diren alderdiei erreferentzia eginez; baita Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian arrakasta izan duten herri hautagaitzak ere. Hego Euskal Herriko «indar progresista guztiak» batzeko asmoa dute, «bai EAEkoak, bai Nafarroakoak». «Aldaketaren aldeko alderdiek aldaketa lortzeko tresna izan behar dute, ez oztopo».

Horrela, gizarte zibilari ez ezik, Zallok dei argia egin die EH Bilduri, Ahal Dugu-ri, Ezkerrari, Irabaziri eta Equori ere. Alderdiok «gizarte zibilarekin» batera aurkezteko aukera daukatela esan du hautagaitzaren sustatzaileak, egitasmoaren programa «problematika errealez» ari baita. «Indar horien heldutasunaren seinale litzateke». Dagoeneko hasi dira EH Bildurekin hitz egiten, eta koalizioa «hitz egiteko prest» azaldu da, Zalloren arabera. Gainerako alderdiek ere ba omen dute egitasmoaren asmoen berri. Datozen egunetan haiengandik «albiste onak» espero dituzte. Aldiz, EAJrekin ez dute akordiorik lortzeko itxaropen handirik, «zentzugabea» litzatekeelako, bere bidea hartua duela eta. «Aipatu ez ditugun indarrek euren erabakiak publiko egin dituzte jada».

Hautagaitza bateratua «behar bati» erantzuteko sortu dute, PPren «politiken aurka» egiteko asmoarekin. Hori lortzeko, herritarren interesak «siglen interesen gainetik» jartzeko eskaria egin dute. Zallok aditzera eman duenez, PPren politiken aurkako borrokak gainontzeko alderdiekiko ere «alternatiba bat» sortzea ahalbidetzen du.

Proiektua formalki aurkeztu ondoren, orain sinadura bilketari ekingo diotehaien blogean,eta espero dute irailean itxita izatea Kongresurako eta Senaturako bozetarako hautagaien zerrenda. 2011n, azaroaren 20an izan ziren hauteskundeak. Zerrendaburuen inguruan galdetuta, esan dute oraindik erabakitzeke dagoela nortzuek osatuko dituzten zerrendak, alderdi politikoetakokideek edo gizarte mailako pertsonek. «Hautagaitza aurrera ateratzen bada, batzen diren alderdiek zehaztubeharko dituzte euren asmoak», esan du Zallok.

Hurrengo hilabeteei begirako urratsak ere iragarri dituzte. Egitasmoa aurrera eramateko behar beste sinadura biltzen dituztenean, ekitaldi handi eta esanguratsu bat egiteko asmoa agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.