Helduen euskalduntzea bultzatuko duen egitasmo bat aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak

Bihar emango diote hasiera egitasmoari, Iruñean

Euskaltzaleen Topaguneko antolatzaileak, erakundeetako eta batzordeetako ordezkariekin. IñIGO URIZ / FOKU
Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko urriaren 18a
15:36
Entzun

Haurren aurrean helduok heldu egitasmoa aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak. Haurren hizkuntza erabileran helduek duten garrantzia azaleratzeko egitasmoa da. Bigarren aldia bihar abiatuko da, eta hilaren 29an amaitu. Euskal Herriko ia 80 herritan antolatu ditu ekintzak.

Helduen arteko hizkuntza portaerei heldu nahi izan diete, gehienbat haurren hezitzaile edo zaintzaile dihardutenei, haurrek «zer ikusi, hura ikasi» egiten dutelako, esan du Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Gurasoak «ahaldundu, sentsibilizatu eta saretuko» dituzten hitzaldiak, kultur ekimenak, irteerak, jolasak eta tailerrak proposatu dituzte Topagunekoek. Hala, euskararen alde jauzi bat eman nahi dutenei «tresnak, argumentuak eta testuingurua» emango dizkietela jakinarazi du lehendakariak.

Jon Zapatak, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta ekimenaren koordinatzaileak aurreratu du «aktibazio soziala areagotzeko ariketa» izango dela, baita helduen «hizkuntza portaerak astintzeko» eta egiten diren hautuez eta duten eraginez hausnartzeko.

Mikel Astarloza txirrindulari ohia eta Nerea Alias telebistako aurkezlea ere izan dira aurkezpenean, guraso diren neurrian, egitasmo honek interpelatzen dituen herritar ordezkari gisa. Astarlozak iritzi dio haien haurrei behin «euskaldun izateko aukera» emanda «umeen testuinguru guztia euskaldundu» beharko litzatekeela, «euskara ez dadin umeen hizkuntza bilakatu». Aliasek, era berean, gehitu du bere alabari eredu emateko onena «praktikarekin erakustea» dela.

Erakunde publikoen ordezkaritzat Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Nafarroako Gobernuko ordezkari eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Javier Arakama ere izan dira aurkezpenean.

Iruñeko hitzaldiak
Bestetik, biharko Iruñean antolatu dituzten jardunaldiek hizkuntzen sozializazioa eta helduen eredugarritasuna eta erreferentzialtasuna jorratuko dituzte, besteak beste. Gai horietan adituak diren lau hizlari ariko dira, bi saiotan banatuta. Goizeko saioa Kondestablearen jauregian izango da, eta Gemma Sangines psikologoa eta Paula Kasares eta Rosa Ramos soziolinguistak ariko dira. Arratsaldeko saioan, berriz, Kike Amonarriz Laba aretoan izango da, bertaratzen diren gurasoei azaltzeko nola eta zertan lagun dezaketen euskararen erabileran aurrerapausoak emateko.

Saioak doakoak dira, eta publikoarentzat zabalik daude, baina www.topagunea.eus webgunean izena ematea komeni da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.