Helegitea aurkeztu diote Uliazpin euskara eskatzea debekatzen duen epaiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi kasazio errekurtso aurkeztu ditu EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, «eskubideak» urratzen dituelakoan

Uliazpiko langileen elkarretaratzea, martxoaren 7an, epaia gaitzesteko. BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gipuzkoako Foru Aldundia ez dator bat EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioko hizkuntz eskakizunei buruz ebatzi zuen epaiarekin. Horregatik, sententzia plazaratu bezain pronto iragarri zuen moduan, helegitea jarri dio martxoaren hasieran emandako epaiari; haren arabera, legez kanpokoa da euskararen ezagutza aintzat hartzea aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. Bi errekurtso jarri ditu diputazioak. Batetik, kasazio errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean, «Estatuko Zuzenbidea hausteagatik», argudiatuta epaiak urratu egiten duela Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua: «Haren arabera, bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan beharrezkoa da lanpostuak betetzeko behar bezala gaitutako langileak hautatzea».

Beste kasazio errekurtso bat EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu du; kasu horretan, «zuzenbide autonomikoa hausteagatik». Argudiatu duenez, epaiak urratu egiten ditu hautaketa prozesuetan «lanpostuei esleitutako hizkuntza eskakizunetara egokitzea arautzen duten aginduak».

Ohar bidez, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak esan du sententzia «bidegabea» dela «euskaldunen eskubideen ikuspegitik», eta erabiltzaileek Uliazpin jasotzen duten zerbitzuak egiten duten hizkuntza hautuaren araberakoa izan behar duela.

Euskara eskakizunei babesa

Mendozak gehitu duenez, Gipuzkoako herritarren «babes zabala» du langile publikoei euskara profila eskatzeak. Udaberriko soziometroaren emaitzak aipatu ditu horretarako: han, herritarrek 10etik 7,67ko adostasun maila adierazi zuten administrazioko langileek euskaraz jakin beharko ote luketen galdetu zitzaienean.

Martxoaren 21ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Hizkuntza Berdintasunerako Batzordeak ere adierazi zuen langile publiko bati EAEko bi hizkuntza ofizialak jakiteko eskatzea ez dela «diskriminatzailea». EH Bilduren eta EAJren bozkekin atera zen aurrera ebazpen bateratua; Podemosek eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 postutan, eta meritua beste bietan. Betekizun hori, ordea, bertan behera utzi zuen auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.