Eguberriak

Hemen da Olentzero

Menditik jaitsi da, haizetetik babestu nahian jaitsi ere umeengana. Akaso ezingo du leku batzuetara iritsi, herriko plaza eta txokoak astindu ditu-eta haizeak. Gauean, ordea, etxeetan sartzeko aitzakiarik eta lotsarik gabe ekingo dio bere lanari. 

Bilbora iritsi zen atzo Olentzero. LUIS JAUREGIALTZO
Ainhitze Ruiz.
2013ko abenduaren 24a
15:08
Entzun

Olentzeroren bitartez iritsiko da urteko unerik bereziena gaur euskal haurrengana. Urte osoan ikatza egiten aritu ondoren, Olentzero menditik kalera jaitsiko da berriz ere Eguberri bezperan, eta etxeetan jarrita dauden pinuen azpian paratuko ditu opariak. Gaur gauean izango da momentu magiko hori, baina Bilboko haurrek atzo iluntzean bertan jaso zuten Olentzeroren bisita. Kale Nagusiaren bazterrean, ilusioz bete zitzaizkien begiak bati baino gehiagori.

Bilboko haurren gurariak, ordea, gaur entzungo ditu Olentzerok, goizean egongo baita Arriaga antzokian haien nahiak entzuten. Baina ikazkina ez da horretan bakarrik ibiliko, Euskal Herriko gainerako herri eta hiriburuetara ere iritsiko baita ilusioa banatzera. Hainbat plazatan antolatutako ongietorriak leku babestuetara bideratu dituzte, haizeak ez du-eta beste aukerarik utzi. Baina kantuak eta festak ez dute etenik. 

Olentzeroren jatorria

Gabonetako euskal tradizioko pertsonaia da Olentzero, baina inork daki zehazki zein den Olentzeroren jatorria. Kondaira guztiak bezala, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi iritsi da Olentzeroren ohitura guregana. Mendian lan egiten duen ikazkin bat da, eta negua iristean menditik herrietara jaisten da, umeei opariak ekartzeko. Baina nondik dator pertsonaia famatu hori?

Olentzerori buruzko kondaira ugari daude. Elezahar batzuen arabera, Olentzero tximinietatik sartzen zen igitai batekin. Beste kondaira batek dio Olentzero azken jentila zela, hau da, Jesus jaio zen momentuan hura bakarrik zegoela bizirik berria zabaltzeko. Kondaira hori Goierri aldean izan da ezaguna. Kondairaren arabera, paganoek Ekialdeko izarra ikusi zuten egun haietan, eta, beren garaia amaitu zela pentsatuz, euren buruaz beste egin zuten, Olentzerok izan ezik. Kontakizunaren arabera, Olentzero herrira joan zen herritarrei berria emateko, eta, ordutik, zeregin hori dauka Olentzerok, hau da, Gabonak iritsi direla jakinaraztea.

Andres Ortiz-Oses antropologoak azaldu duenez, Olentzero neguko solstizioa irudikatzen duen Gabonetako ikur bat da. Haren oinarria paganoa da, baina, gaur egun, kristautasunaren zenbait ohitura bereganatu ditu. «Hala ere, kristautasunaren aurreko oinarriak bereiz daitezke Olentzeroren irudian, menditik datorren ikazkin bat baita».

Ikatza da Olentzero irudikatzen duen ikur nabarmenena: «Trantsizioa irudikatzen du, hau da, menditik herrira pasatzeko bidea irudikatzen du, baita naturatik kulturarako pausoa eta hotzetik elkarren arteko goxotasunera pasatzeko bidea ere», azaldu du. «Pertsonaiak ez dauka jatorri zehatzik, edo guk ez dugu ezagutzen, behintzat. Dena dela, ezagutzen ditugun kondaira guztietan, garai baten amaiera eta beste baten hasiera irudikatzen ditu. Horregatik, leku batzuetan su ematen zaio Olentzeroren irudiari», gaineratu du.

Mitoz betetako pertsonaia

Aritza Bergara idazleak ere aztertu izan du euskal mitologiaren inguruan, eta, azaldu duenez, Olentzeroren jatorriaren inguruan hainbat istorio daude: «Olentzero ikatz gizon bakarti bat zela dioen kondaira bat dago Lesakan. Menditik jaisten zela eta opariak ekartzen zituela dio elezaharrak», azaldu du Bergarak. Olentzerori lotutako beste hainbat teoria ere badaude. Leku batzuetan, Lekarozen esaterako, pertsonaia txartzat hartzen zen garai batean Olentzero. Hori horrela, Eguberri gauean, familiako kideek etxean geratu behar izaten zuten, babesean.

Bergarak gaineratu duenez, antzina mendian bizi zirenek aukera gutxi izaten zuten herrira jaisteko, eta herrira etortzen zirenean mozkortu egiten ziren. Hori horrela, Olentzerok mozkor ukitu hori ere bazeukala azaldu du.

Horrez gain, gaur egun haren irudia Bizarzuriren antzekoa bihurtu dela adierazi du. Pixkanaka aldatuz joan da Olentzeroren irudia. Gaur egun, oso garbia da, eta bizar zuria dauka, ez beltza. «Txapel beltza kendu eta txapel gorria jartzen badiogu, Bizarzuri bihurtzen da».

Olentzeroren jatorria kokatzen duen data zehatzik ez dago. «Hasieran, herri batzuetan bakarrik zeukan indarra, baina esango nuke Euskal Herri osora azken berrogei urteetan zabaldu dela», esan du.

Belaunaldi berriekin, Olentzerok bilakaera izan du, eta pertsonaia berriak ere sortu dira. Mari Domingi emakumearen irudia ere agertzen da Olentzeroren laguntzaile gisa gaur egun. Hala ere, sexuaren inguruan eztabaida handia dago. Bergarak azaldu duenez, Leitzan Olentzero deitu beharrean, Olentzaro deitzen zaio, eta horrek ez dauka sexu finkorik; ez da ez gizonezkoa, ez emakumezkoa. Batzuetan, etxeak Olentzeroren gizonezko irudiekin apaintzen dituzte, eta, beste batzuetan, aldiz, Olentzeroren emakumezko irudiarekin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.