Mugimendu antifaxistako kidea

Andeka Jurado: «Hemen ere faxistak antolatzen hasiak dira»

Juradori labankada bat eman zioten duela bi urte, eta laster izango du horri buruzko epaiketa; salatu du «erasotzailearekin batera» eseri beharko duela «akusatuen aulkian».

Andeka Jurado. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andeka Jurado. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Barakaldo
2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023ko uztailaren 4an, Andeka Juradok (Barakaldo, Bizkaia, 1982) motorzale talde bateko kide batzuen erasoa jaso zuen Barakaldon, eta, horren ondorioz, labanaz zauritua izan zen. Salatu duenez, geroztik mezu faxista ugari jaso ditu, eta berak lan egiten duen tabernara ere joan zaizkio, mehatxuka. Faxismoaren gorakadaren ondorioz horrelako erasoak ugaltzeko arriskuaz ohartarazi du.

Zer gertatu zen erasoa izandako egunean?

Ni auzoan nengoen, nire bi umeekin, eta hiru morroi aldamenetik pasatu ziren; haietako bik Outlaws motorzale taldearen ikurrak zeramatzaten jantzietan. Ingurura begira zeuden etengabe, harroxko, liskar bila egongo balira bezala. Denda batera sartu ziren haietako bi, eta kanpoan gelditu zenak galdetu zidan ea zeri begira nengoen; niregana hurbildu zen, eta aurpegira esan zidan: «Akabatuko haut, marikoi hori».

Orduan hasi zen liskarra.

Ukabilkada bat eman zidan, eta nik neure burua defendatu nuen. Elkarri kolpe batzuk eman ostean, gelditzeko esan zidan, nahikoa zela. Kontua amaituta zegoela ematen zuen, baina orduan ikusi nuen eskuan labana automatiko bat zeramala, eta besterik gabe ziztada eman zidan bularrean, bihotzetik gertu. Zorionez, salto egiteko astia izan nuen eta zauria ez zen sakona izan, baina uste dut niri ahalik eta minik handiena egitea zela haren asmoa.

Handia izan zen iskanbila?

Pentsa: ni odoletan, umeak negarrez, inguruko jendea ere aztoratuta... Handik gertu zeuden bi udaltzain agertu ziren, eta erasotzailea atxilotu zuten. Nik esan nion udaltzainetako bati ospitalera joango nintzela, baina erantzun zidan hobe nuela handik ez mugitzea eta haiek deituko ziotela anbulantzia bati.

Erasotzaileak ezagutzen zenituen aldez aurretik?

Ez.

Eta haiek zu?

Esan didatenez, eraso egin zidanak ezagutzen ninduen, baina, jakina, ez dut horren frogarik. Edonola ere, ni hemen bizi naiz, ez naiz ezkutatzen. Dirudienez, lehenagotik auzoko taberna batzuetatik ibiliak ziren, norbaiten bila edo liskarretan sartzeko gogoz egongo balira bezala. Azkenean, niri egokitu zitzaidan. Baina nik ez dut inoiz esan antifaxista izateagatik egin didatela eraso; nik diodana da faxista batzuek egindako eraso bat izan dela.

Zergatik?

Gauza jakina da motorzale talde hori ideologia supremazista, arrazista eta sexistakoa dela; erasotzailearen anaia zaharra, hori ere motorzale talde bateko kide izandakoa, nazi ezaguna zen. Eta erasoa gertatu eta hilabetera, haietako beste batzuk etorri zaizkit nik lan egiten dudan tabernara, mehatxuka eta agur faxistak eginez. Gertatutakoa salatu ostean, mehatxu faxista mordoa jaso dut, sare sozialetan zein telefono bidez.

Inpunitatea dagoela uste al duzu?

Orain gorroto delituak eta antzekoak aipatzen dituzte sarri. Gorrotoa sentimendu bat da: faxistek gorrotatzen gaituzte, baina nik ere faxistak gorroto ditut. Ez dut arazorik horrekin. Kontua da bidea libre dutela sare sozialetan nahi beste mehatxu eta astakeria botatzeko, eta zigorra beti izaten da ezkertiar eta antifaxistentzat. Gasteizen gertatutakoa [Falange Espainolaren urriaren 12ko elkarretaratzearen harira] inpunitate horren beste adibide bat izan da. Izan ere, Espainiako Estatuan faxismoa txertatuta dago oraindik ere instituzioetan, justizian, armadan, Polizian eta abarretan.

«Susmoa dut Gasteizen gertatutakoak bularra puztu eta gehiago harrotzeko balioko diela batzuei»

Orain zertan da auzia?

Ahozko judizioa hasi izanaren ohartarazpena bidali didate. Epaiketaren data ez dute oraindik jarri, baina laster izango da. Erasotzaileari lesio delitu bat egozten diote, astungarriekin, eta hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen diote. Baina ni ere auzipeturik nago neure burua defendatu nuelako, eta, beraz, nire erasotzailearekin batera eseri beharko dut akusatuen aulkian. 350 euroko fidantza jarri didate, baina ez dut ordainduko; ez zait bidezkoa iruditzen.

«Faxismoaren gorakada» aipatzen da txitean-pitean. Horrelakorik badagoela uste al duzu?

Nik uste dut baietz. Faxismoa hor egon da beti, baina egia da Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta Europan badagoela pobreenak eta ahulenak xedetzat hartzen dituzten joera faxisten gorakada, eta mezu horiek gizartean hedatzen dira, baita gazteen artean ere. Zenbaitentzat errazagoa da ondoan duen etorkinaren kontra jotzea, egoeraren inguruan hausnartzea baino.

Eta gorakada horrek ekar dezake zuk pairatu duzun erasoaren modukoak ugaltzea?

Arrisku hori badago. Sumoa dut Gasteizen gertatutakoak bularra puztu eta gehiago harrotzeko balioko diela batzuei. Zorionez, Euskal Herrian identitate antifaxista oso hedatuta dago, eta badugu herri mugimendu indartsua. Baina hemen ere faxistak antolatzen hasiak dira.

Eta, zure ustez, zein da bidea faxismoaren gorakada hori geldiarazteko?

Beharrezkoa da borroka ideologikoa egitea eta faxismoaren diskurtsoa desmuntatzea, baina, halaber, antolakuntza ere behar-beharrezkoa da. Herriak erantzun behar dio faxismoari, Poliziak, justiziak edo instituzioek ez baitute geldituko. Eta batasuna ere behar da: batzuetan, herri mugimenduan nor bere txokoan egoten da, eta aldamenekoa areriotzat jotzen du, baina faxismoaren kontrako borrokan beharrezkoa da bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.