Zamudioko (Bizkaia) Truiundo zahar etxean hemezortzi positibo atzeman dituzte, EITBk jakinarazi duenez: horietatik 15, egoiliarrak. Zamudio, ordea, ez da kasuak detektatu dituzten toki bakarra izan. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek ere positibo eman duela. Atzo, beste kasu bat atzeman zuten zahar etxe berean. Aurretik eginiko test batean negatibo eman zuen egoiliarrak, baina sintomak garatu eta positibo eman du bigarren proban.
Bilboko zahar etxe batean ere izan da beste kasu bat. Iragan astean, egoitza horretako langile bat kutsatu zen, eta, ondorioz, PCR probak egin dizkiete bertako egoiliarrei eta langileei. Proba horietan atzeman dute kasua. Gasteizen ere beste kutsatze bat izan da eguneko zentro bateko erabiltzaileen artean.