EtorkiZUna kanpainaren barnean, goiz honetan Hendaiako atxikitze zentro aitzinera agertu dira 80 boluntario, sartzekoak ziren migratzaileen partez. Frantziako Poliziak sartzea oztopatu die horiei guztiei, Jose Boveri izan ezik, europarlamentari izanik sartzeko eskubidea duelako. "Garaipen sinboliko bat" izan da Boverentzat gaurkoa, mobilizazioaren ondorioz azkenean eragotzi egin baitute migratzaileak atxikitze zentroan sartzea.
Gaur irekitzekoa zen zentroa berriz ere, eta migratzaileekin elkartasunez Bizi mugimenduak atxikitze zentroak dituen 30 lekuak okupatzera deitua zuen. 146 pertsona prest agertu ziren zentroan sartzeko, eta Bizi mugimenduaren arabera, boluntario horietatik 80 Hendaian egon dira goiz honetan.
Jose Bove europarlamentaria izan da bakarra sartzen, zuzendaritzari helarazteko boluntarioen zerrenda eta Cimade jurista lanetan ari den elkarteko kideekin elkartzeko. Ateratzean jakinarazi du zentroko zuzendariak erran diola mobilizazioaren ondorioz gaur eraman behar zituzten migranteak ez dituztela zentroan sartuko eta hori "garaipen sinboliko bat izan da, hobengabeak preso ez sartzeko beste ekintza batzuk inspiratu behar dituena", militante altermundialistaren erranetan.