Euskara

Henrike Knörren hutsartea betetzeko bozketa etzi Euskaltzaindian

Patxi Uribarren eta Blanca Urgell dira hautagaiak.

2008ko irailaren 24a
14:06
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskaltzaindiak osoko batzarra egingo du etzi Bilboko egoitzan, Henrike Knörr zenaren ordezkoa izendatzeko. Uztailaren 18an, Euskaltzaindiak Hendaian (Lapurdi) egindako bileran, Patxi Uribarren eta Blanca Urgell proposatu zituzten euskaltzain izateko.

Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean Louis Davant euskaltzainek aurkeztu zuten Uribarren, eta Patxi Goenaga, Joseba Lakarra eta Miren Lourdes Oñederrak Urgell. Euskaltzain oso guztiek dute botoa emateko eskubidea. Hori bai: euskaltzain oso kargua hartzeko gehiengo osoa lortu beharko dute hautagaiek.

Henrike Knörr euskaltzain, filologo eta irakaslea apirilean hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz, 61 urterekin. 29 urte zituela sartu zen Euskaltzaindian, euskaltzain urgazle moduan, eta bi urtera izendatu zuten euskaltzain oso, 1977an. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan bezala, Euskaltzaindian onomastikako gaiak landu zituen, eta Onomastikako batzordea sortu zuen. Leku eta pertsonen izenen ikerketaz, bibliografiaz, etnografiaz eta euskal testuez ikertu eta idatzi zuen sail horren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.