Azken egunotan positibo eta ospitaleratuen zifrak pixka bat apaldu badira ere, apaltze hori ez da oraindik iritsi heriotzen kopurura. Gaurko datuen arabera, 2.273 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino 327 gutxiago. 335 positibo gehiago zenbatu dira, bezperan baino 40 gutxiago. Proba egin zaienen artean, ehunekotan gutxiago eman du positibo —martxoaren 7az geroztik kopururik apalena, % 27 Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera—. Azken egunotan antzematen den joera baikorra da. Heriotza kopurua, aldiz, oraindik ez da apaldu. Gaur beste 53 hildako zenbatu dira, bezperan baino 11 gehiago. Guztira, 790 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Azken hamar egunetan, batez beste, egunero 48 lagun hil dira. Aurreko hamar egunetan, aldiz, batez beste 26 lagun hil ziren egunero, eta aurrekoetan, lau.
Munduan, berriz, dagoeneko 1,3 milioi kasu atzeman dituzte, eta 75.000 pertsona hil dira koronabirusarekin lotuta. Txinako agintariek gaur jakinarazi dutenez, atzo ez zuten hildakorik zenbatu, gaitzak jotako lehen pertsona hil eta hiru hilabetera.
Alarma egoera ezarri zenetik, Hego Euskal Herrian aurkeztutako enplegua erregulatzeko txostenen datuak eguneratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Guztira, 199.000 langileri eragin dieten 29.800 txosten aurkeztu dituzte. Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak zenbait neurri ekonomiko hartu ditu gaurko bileran. 43,5 milioi jarriko ditu gizarte larrialdetarako laguntzetan, eta 76 milioi autonomoentzat eta kontziliatzio neurrietarako.
DATUAK:Koronabirusaren azken datuak
MAPA:Koronobirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA:Azken orduko albisteen kontakizuna
Agian honek ere merezi du
Antzerki laborategia. Belaunaldi berrien kezkak taula gainera eramateko eta antzerkiaren lengoaia berriak esploratzeko, Formol Laborategia osatu zuten duela hilabete gutxi Intza Alkain, Mikel Ibarguren eta Edurne Azkaratek. Joan den larunbatean aurkeztu behar zuten proiektuaren lehen lagina, baina, konfinamenduaren ondorioz, proiektuari forma ematen etxetik jarraitzea beste aukerarik ez dute. Nola? Hori da Maider Galardik galdetu diena Etxeko leihotik saioko bideo elkarrizketan.
Umorea, bizirauteko. Posible da umorea krisialdietan? Beharrezkoa? Nolako umorea? Horrelako hariari heldu dio Uxue Gutierrez kazetariak Egoera larrian, umore arina izenburuko erreportajean. Beatriz Egizabal ipuin kontalariaren, Uxoa Anduaga soziologoaren eta Dani Fano komikiegilearen iritziak jaso eta harilkatu ditu.