Guardia Zibilak atzo zortzi atxilotutako Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarrak, eta, oro har, euskal preso eta iheslari guztiak "maite" dituztela adierazteagatik, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkateak inputatu gisa deklaratu beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalean. "Terrorismoa gorestea" leporatzen diote.
Joan den larunbatean EAE-ANVk Iruñeko Anaitasuna pabilioian egin zuen ekitaldian mintzatu zen Beitialarrangoitia; ekitaldi horretan Espainiako martxoko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu zituen EAE-ANVk eta bozetan izango dela berretsi zuen. Arestian aipatu bezala, "maite zaituztegu" esan zien Beitialarrangoitiak Porturi, Sasarolari eta euskal preso politiko eta iheslari guztiei. Txaloka hartu zuen haren adierazpena jendeak.
Adierazpen horien harira, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzo jarri zuen Beitialarrangoitiaren aurkako salaketa. Santiago Pedraz epaileak aintzat hartu du eskaera, eta inputatu gisa deklaratzera deitu du Hernaniko alkatea, "terrorismoa gorestea" egotzita. Hamar egun barrurako, hilaren 24rako, jarri dio hitzordua.
Askatasunaren salaketa
Askatasunak salatu egin du Beitialarrangoitiaren kontra hartutako neurria. "Sentitzen duguna adieraztea delitu bilakatu da Espainiako Estatuan. Bi euskal herritar bortizki torturatuak izan direnean, torturatuei babesa adierazi dien alkate bat deklaratzera deitu izanak erakusten du Espainiako demokraziaren kalitate maila".
Politika
Hernaniko alkatea Auzitegi Nazionalera deitu dute, "terrorismoa gorestea" egotzita
Igor Porturi eta Mattin Sarasolari elkartasuna adierazi zien larunbatean EAE-ANVk Iruñean egin zuen ekitaldi politikoan. Horregatik inputatu du Santiago Pedraz epaileak, Fiskaltzaren eskaera aintzat hartuta. Urtarrilaren 24an joan beharko du Madrilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu