Hernaniko bost ikasleri ezarri zigorra aurrekari bilaka daitekeela diote

gotzon hermosilla
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» egotzita Hernaniko (Gipuzkoa) institutu bateko bost ikasleri ezarritako zigorrak uste baino ondorio garrantzitsuagoak ekar ditzake. Espainiako Auzitegi Nazionaleko adin txikikoentzako epaitegiak sei hilabetez «gizarte eta hezkuntza lanak» egitera zigortu ditu bost ikasleak; aurrerantzean, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak «aurrekari» gisa erabiliko du epaia, eta han ageri diren oinarri juridikoak sartuko ditu presoei egiten dizkieten harrera ekitaldiei buruzko txostenetan, Vocento taldeko egunkariek iragarri dutenez Espainiako Gobernuaren iturriak aipatuta.

2016ko irailaren 26an, Gudari Egunaren karietara, omenaldia egin zuten zenbait ikaslek Hernaniko institutu bateko patioan. Ekitaldian parte hartutako bost gazte identifikatu ditu Auzitegi Nazionalak, eta hura gertatu zenean adin txikikoak zirenez —hiruk 17 urte zituzten, eta bik 16— «gizartearen aldeko balio eta jarrerak garatzera bideratutako lanak» egitera zigortu ditu Jose Luis de Castro epaileak, «egindako kalteaz gogoeta egin dezaten». Gazteek ez dute inongo gune itxitara sartu beharrik izango, eta askatasuna galtzea edo zaintza berezia dakarren neurririk ere ez diete ezarri.

Orain, epaia eskuetan, Espainiako Gobernuak uste du harrera ekitaldien kontrako txostenek «ibilbide judizial luzeagoa» izan dezaketela, orain arte txosten horiek oso gutxitan ekarri baitute zigorrik.

«Ez dute lortuko»

Sare sozialetan hedatutako mezuen bidez, Ernaik protesta egin du bost ikasleei —lau Hernanikoak dira, eta bestea Urnietakoa (Gipuzkoa)— ezarritako zigorraren aurka. «Amore eman dezagun nahi dute, baina ez dute lortuko», esan du gazte erakundeak.

Ernairen ustez, «kontakizun bakarra inposatzeko» eta «herriaren memoria ahantzi eta etsaiarena onartzeko» ahalegina dago epaiaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.