Hernaniko hilketan zinpeko epaimahaiak ezarri zuen zigorra berretsi du epaileak

Ertzaintzak jakinarazi du iragan igandean gertatu zen bortxaketa saio bat ikertzen ari dela, Durangon

Erredakzioa
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Hernanin (Gipuzkoa) bikotekide ohiaren bikotekidea tiroz hil zuen gizonaren zigorra. Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo, eta epaileak 15 urteko espetxe zigorra eta 100.000 euroko kalte-ordaina ezarri zion abenduan, baina akusazio partikularrak eta defentsak Auzitegi Nagusira jo zuten.

Akusazioak defendatu zuen hogei urteko zigorra ezartzeko moduko astungarriak bazeudela, eta defentsak zigorra zazpi urtera jaisteko eskatu zuen. Auzitegi Nagusiak bi eskarietako bakar bat ere ez du aintzat hartu, eta zinpeko epaimahaiaren ebazpena txalotu du. «Zigor horiek gutxitan dute horrenbeste oinarri; irizpideak logikan eta zentzuan oinarrituta daude».

Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, txikitu egin du Alegian (Gipuzkoa) 2008an gertatu zen andre baten aurkako indarkeria kasu baten zigorra. Andreak gizonari masaje bat ematen zion bitartean gertatu zen erasoa. Gizonak 22 zentimetroko labana sabelean sartu tzion, eta, ostean, itotzen saiatu zen. Ordea, erasoaren ostean, emakumea ospitale batera eraman zuen. Ebakuntza egin zioten han, eta horri esker bizirik atera zen. Epailearen ustez, gertakari horiek ezin dira hilketa saiakeratzat hartu, erasotzaileak emakumea ospitalera eraman zuenean hilketa saiakerari «modu aktiboan» uko egin baitzion.

Durangon, ikerketa bat abian

Ertzaintza iragan igandean gertatu zen bortxaketa saio bat ikertzen ari da Durangon (Bizkaia). Emakumeak salatu duenez, gizon batek eraso egin zion igandeko 06:00etan, Zabalarra auzoan, etxerako bidean zihoala. Eraso egin zionean aurre egin zion, eta oihu egin zuen. Gizonak ihes egin zuen, baina «kalte fisikoak» egin zizkion emakumeari, eta «nerbio krisi bat» eragin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.