Herri euskaldunak eta arnasguneak

Herri euskaldunak eta arnasguneak bereizi ditu Mikel Zalbidek: arnasguneak erabilerarekin lotu ditu, ez ezagutzarekin. Hiru erronka: demografia, bideragarritasun sozioekonomikoa eta bizitasuna.

Mikel Zalbide, atzo. Arnasguneen erronkei buruz jardun zuen. JON URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Asko hedatu da arnasgune kontzeptua euskararen esparruan. Mikel Zalbide euskaltzainak ekarri zuen, Joshua Fishman soziolinguistaren teoriei tiraka. Asko zabaldu da arnasgune kontzeptua, eta beti ez da egoki erabili, Zalbideren ustez. Adibidez, desberdindu egin ditu udalerri euskaldunak eta arnasguneak. Udalerri euskaldun kontzeptua aplikatzen zaie herritar gehienak euskaldunak dituztenei —%70etik gora, oro har—; hizkuntza ezagutzarekin dago lotua, beraz. Arnasgune, berriz, erabilerarekin dago lotua, Zalbideren esanetan: eguneroko jardunean euskara ote den ardatz, arau sozial. «Udalerri euskaldun asko ez dira arnasgune».

Arnasguneen erronkei buruz mintzatu zen atzo Zalbide soziolinguistika jardunaldietan. Eremu horien garrantzia nabarmendu zuen: «Osasun egoera sendotik inon baino hurbilago daude». Batetik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa: ez soilik umeetakoaz, baizik eta belaunaldi osokoaz. Bestetik, arau sozialak: «Arnasguneetan euskaraz egiten da arau soziala delako. Hori da hiztun elkarte batek izan dezakeen altxorrik preziatuena». Lehentasunezko esparrutzat jo ditu, hortaz.

Azterketa ugarik diote, ordea, galeran daudela eremu horiek. «Gainbehera bizian», Zalbideren arabera. Joera bat baino gehiago jarri ditu horren oinarri: aldaketa demografikoak —bertakoak kanpora, eta biztanle berriak iristea: erdaldunak edo erdaraz errazago egiten dutenak—, bikotekide edo bizilagun erdaldunak, lanera herritik at joan beharra, etxean euskararen nagusitasuna ahultzea...

Jaiotzen garrantzia

Nondik eragin, hiru ildo seinalatu ditu Zalbidek. Batetik, demografia: arnasguneetako herritarrak han geratzea bizitzen, eta kanpotik «uholdeka» ez iristea erdaldunak edo erdal elebidunak. Jaiotzez ere aritu da: «Hiztun herri batek, belaunez belauneko jarraipena izango badu, haurrak behar ditu. Baita arnasguneetan ere, bestela, mehartu egingo baitira».

Bigarrenik, herri horiek sozioekonomikoki bideragarri egitea—txikiak dira—: bertan edo gertu lan egitea, eta osasun eta hezkuntza zerbitzuak izatea. Hirugarrenik, herri giroa: «konpartimentazio soziolinguistiko eta soziokultural berria» adostea. «Egundoko ahalegina eta erronka da arnasgune batean bizitzeko erabaki kolektiboari eustea. Oso garrantzitsua da hori ulertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.