Anjeles Iztueta

"Herri honek behar du EAJren eta EH Bilduren arteko aliantza"

Lizarra-Garaziko akordioa hautsi berritan eta Aznarren gobernuaren une gogorrenetan hartu zuen Hezkuntza eta Unibertsitate sailburu kargua Iztuetak. Presio handiei egin behar izan zien aurre. Naziogintzan aritu zen orduan, eta ari da gaur egun, zubi lanetan.

Hezkuntza eta Uibertsitate sailburu izanzen Iztueta 2005a arte. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
jokin sagarzazu
2016ko abuztuaren 12a
12:06
Entzun

Lizarra-Garaziko akordioa hautsi berritan eta Aznarren gobernuaren une gogorrenetan hartu zuen Hezkuntza eta Unibertsitate sailburu kargua Iztuetak. Presio handiei egin behar izan zien aurre. Naziogintzan aritu zen orduan, eta ari da gaur egun, zubi lanetan.

Lakuan dauka bulegoa Anjeles Iztuetak (Tolosa, 1954). Baina Eustat Euskal Estatistika Erakundean. Hara itzuli zen sailburu izan ondoren, 2005ean. Txikia eta xumea da gela. Apaingarri gutxirekin, baina esanguratsuak: Euzkadi egunkariaren faksimile bat, 1936ko urriaren 7koa, Jose Antonio Agirre lehendakari hautatu zuten egunekoa, eta lagun zuen Nestor Basterretxearen margolan bat eta eskultura bat. Sailburu izandako garaiez eta egungo egoeraz aritu da BERRIArekin.

Zu izan zinen Ibarretxeren lehen agintaldiko sailburu mediatikoenetarikoa. Zer duzu jarri zizuten «polemiko» etiketatik?

Politikan abertzale gisa konprometitu eta bustitzen bazara, zure kontra egingo dute. Guk konpromisoz eta printzipioekin lan egin nahi genuen. Esan eta egin; gizartearen alde, ez norbere taldearen alde, eta koherentziaz, toki guztietan berdin. Irautea baino gehiago, lana ondo egitea genuen helburu. Baina ziren garaiak ziren, eta presio mediatiko horretatik irtetea oso zaila zen.

Legegintzaldi bakarra egin zenuen; gero, zure alderdi bereko beste pertsona bat —Tontxu Campos— jarri zuten karguan. Kolpea izan zen zuretzat?

Nik egin nuen nire ekarpena. Alderdia oso zatituta zegoen, eta zatiketak erdi-erdian harrapatu gintuen. Lehen lerroan egotea egokitu zitzaidan bezala, irtetea tokatu zitzaigun... Nire esparrua beti izan da herrigintza, eta eroso nabil hor, diskrezioan. Nire azken etapa politikoan oso ageriko bizitza eman behar izan nuen. Etengabeko guda mediatikoan bizitzeak nekatu ere egiten du.

Eta zer egin zenuen hainbesteko zalaparta sortzeko?

Niri Hezkuntza eta Unibertsitate sailburu izateak aukera ezin hobeak eman zizkidan euskararen eta naziogintzaren konpromisoa garatzeko. Horrekin geratzen naiz.

Bi alor horietan aurrerapausoak eman nahi izatea beti al da gatazkatsua? Zergatik?

Politikan bi ardatz horiekin lan egitean, oztopo asko topatuko dituzu. Errazagoa da beste gai batzuei buruzko legeak-eta egitea: horietako askotan denok egon gaitezke ados, baina gure-gureak ditugun horiekin sartzen baldin bazara, kontuz!

Babestuta sentitu zinen sailburu gisa pasatu behar izan zenituen momentu txarretan?

Bai. Baina bereziki lantaldeari zor diot gehien. Haien leialtasun eta konpromisorik gabe zaila izango zen, ezinezkoa ia, egin genuena egitea: Haur Eskolak, Lanbide Heziketaren bikaintasuna, gehiengo sindikalarekin akordio zabalak, Euskal Curriculuma, euskara eta ereduen ebaluazioa...

Eta lantaldetik kanpo?

Lehendakariaren babesa beti izan nuen, eta gobernu taldearena. Ibarretxek esaten zidan: «Anjeles, zuk sinesten duzu horretan? Ba, aurrera». Babesa eta askatasuna aldi berean, hori da izan nuena. Satisfazio handia izan zen Ibarretxeren gobernu taldean lan egitea. Harreman estua eta leiala izan genuen eta dugu oraindik.

Lizarra-Garaziko akordioaren garaian iritsi zinen politikara. Zer izan zen zuretzat?

Ohorea eta ardura. Gure herriko naziotasuna esnatu zen garai hartan. Herrigintzan berebiziko garrantzia izan zuen.

Zein argazki gordetzen duzu?

Asko, baina ahaztu ezinezko bat: Bilboko Euskalduna jauregian egin zen Udalbiltzako lehen bilera hura. Maltzagako Printzipioetan sinesten dugunontzat, lehen pausoa izan zen Lizarra-Garazi.

Akordioa egin eta gutxira hautsi zen. Uste duzu denek izan zenutela erantzukizun bera?

Akordioa egin genuen guztion aldetik konbentzimendu handia zegoen, baina presa handiegia izan genuen. Eta hura zapuztu nahi zutenen indarra ere oso handia izan zen. Alde bateko eta besteko interesek eta presak hautsi zuten.

Baina bereziki zeinena izan zen erantzukizuna?

Muturrena. Muturrek hautsi zuten. Indar izugarria zegoen akordioaren aurka. Horrek eta presak hautsi zuten, oso goiz.

Esku artean izan zenuen lege konplexuenetako bat izan zen Unibertsitate Legea (2004). Madrilen helegiteak, presioak, zure gobernuko alderdienak barne. Zer izan zen zailena zuretzat?

Asko kostatu zitzaigun egitasmoa aurrera ateratzea. Presio handiak izan genituen, baina legea onartu zen, eta bizirik dago. Hori da garrantzitsuena, nire ustez.

Alderdi ezberdinak pasatu dira Jaurlaritzatik eta sailetik, baita orduan aurkako jarrera gogorra zutenak ere, eta ez dute legea indargabetu. Zergatik?

Kontsentsuko legea izateak mantendu du indarrean. Bereziki, legea lantzeko orduan handia izan zelako parte hartzea. Eta azpimarratu nahi nuke gure komunitate unibertsitarioaren sendotasuna: aurrerapen handiak egin zituen eta ari da egiten.

Hezkuntza sistema propio baten alde, urrats gisa aurkeztu zenuten legea. Hala izan da?

Bai. Lehenik, ordura arte, unibertsitate publikoko irakasleria bakarrik Espainiako funtzionarioa izan zitekeen; legearekin, atea ireki egin zitzaion urteetako unibertsitateko irakasleria propioaren eskaerari. Asko pozten nau horrek. Orain, maila berean daude. Bigarrenik, unibertsitate sistema osoarentzat egin zen legea. Horrek zentralitatea ematen dio gure unibertsitate sistemari eta sareari, osoari: EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea. Nire iritziz, aurrerapauso handia da hori. Hirugarrenik, esparru unibertsitarioan euskara berezko hizkuntzatzat hartzen da, eta zentralitatea ematen zaio. Eta, lege honetan, tokia egin zitzaion ere euskarazko on line unibertsitate bat sortzeari; oraindik ez dugu gauzatu, baina datorren legegintzaldian gauzatuko den esperantza daukat.

Kontrabotere moduan funtzionatu zuen EHUk garai hartan?

Bai. Horregatik da garrantzitsua egin genuen legea, sistemaren zentralitatea edo ardatza hemen jartzen duelako eta sistema osoa Europan kokatzen duelako.

Euskal curriculumarekin ere kanpoan eta barruan izan zenituen kritikak. Zeinenak harritu zintuen gehien?

2004an hezkuntza komunitate osoak adostutako curriculuma izan zen. Guztiz aurrerakoia eta konpetentzietan oinarritua; orain dela hamabi urte. Gainera, administrazioko eskolen —publiko deitzen diogunak—, ikastolen, kristau eskolen eta hezkuntza komunitateko eragileen artean adostu eta landutako proiektu ilusionagarria izan zen. Oso gogoan ditut hilabete haiek. Esker oneko naiz, hainbat eta hainbat parte hartzaileekiko.

Beste batzuekin ez zara horren esker oneko izango, ezta?

Proiektu batzuk, tartean Hezkuntza Sistemaren Legea, gelditu edo izoztu egin ziren, eta aitortu behar dut zenbaitetan frustrazioa sentitzen genuela. Zorionez, hezkuntza komunitatea bizia da, eta bere barruan du indarra. Aldian aldiko administrazio buruek eragina daukate, baina proiektu indartsuak eta parte hartzaileak deuseztatzeko adina ez.

Eta halako batean Bertendonako irakasleen afera, hezkuntza sistemako funtzionarioen euskara mailari buruzko eskakizunak bete beharrekoak zirela berretsi zenutenean. Nork sortu zuen gatazka hori eta zergatik?

Hauteskunde kanpaina baten erdian gertatu ziren protesta horiek. Presioak izugarriak izan ziren, alde guztietatik. Baina eutsi egin genion gehiengo sindikalarekin hitzartutakoari eta gero dekretu batean demokratikoki gauzatu zenari. Gure irakasleak eta gure haur eta gazteak izan genituen kontuan. Gainera, hezkuntzaren komunitatea, zorionez, oso indartsua da.

D eredua ezbaian jartzeko estrategia baten parte izan zen?

Bai. Baina guk Europan estandarizatutako neurgailuekin egin genuen ebaluazioa, eta emaitzak oso argiak eta ukaezinak izan ziren. Uste dut badagoela zer hobetzeko asko. Baina euskalgintza ezin da eskolaren bizkar gainean bakarrik utzi.

Hezkuntzan, zer falta da hori guztia bermatzeko?

Argi dut: Euskal Curriculumak Hezkuntza Sistemaren Legea beharrezko du. Ea datorren legegintzaldian lortzen dugun.

Alderdien politikara itzuliz, zer diozu EAk azken urteetan eginiko bira estrategikoari buruz, alderdiaren zatiketaz, EH Bilduren sorreraz...

Begira, gaur egun, ez nago inongo alderditan afiliatua. Harreman jarraiak eta onak ditut hainbatekin, baina euskal abertzaleen esparru horretan independentea naiz.

Duela lau urte inguru, Laura Mintegi lehendakarigai gisa aurkezteko ekitaldian izan zinen...

Bai. Asko ezagutzen dut eta aspalditik. Kontsentsuko profila ona zuen. Orduan ere modu pertsonalean egin nuen ekarpen hori, ez nintzen inoren izenean joan.

Gaur egun nola eta zertan ikusten duzu EAJ?

Gaur egun, hemen, EAJk dauka zentralitatea. Nire ustez, naziogintzan aliantzak beharrezkoak dira, EAJren eta EH Bilduren artekoa. Bien arteko elkarlana eta akordioak beharrezkoak ikusten ditut. Euskal nazioa eraikiz joateko, ezkerra eta eskuina beharrezkoak dira. Hala ere, esango nuke gurean gehiengoa erdigunean kokatzen dela, sozialdemokrazian, eta ez muturretan .

Esan duzu Lizarra-Garaziko akordioaren garaian presa izan zela oztopo nagusia. Abertzaleen arteko harremanak zein abiaduratan ikusten dituzu orain?

Gaurtik hasita, etengabe eta pausoz pauso eraiki behar dugu euskal naziotasuna. Nire ustez, horren kontzientzia indartu behar dugu. Erabakitzeko eskubidea izan daiteke lehen pausoa, eta horretan aliantzek —abertzale eta ez abertzaleen artekoak— zabalagoak izan behar dute. Baina lehen pausoaz gain, bigarrenak eta hirugarrenak ere izan behar dira kontuan, eta horietan guztiz beharrezkoa eta lehentasunezkoa ikusten dut abertzaleen arteko harremana eta lankidetza.

Zein leku izan behar dute euskarak eta euskalgintzak estrategia horretan?

Ardatza izan behar dute. Gurea da mundu zabalean euskaraz hitz egiten duen eta euskaraz bizi den herri bakarra. Betebeharra dugu gure izaerari nortasuna ematen dion hizkuntza biziberritzeko eta ondorengoei pasatzeko. Euskalgintza txertatu behar dugu dibertsitate handia duen eta aberatsa eta eleaniztuna den gizarte honetan. Hori da gure erronka, baina konplexurik gabe eta konpromisoz heldu behar diogu euskalgintzari.

Badirudi beste gai batzuek dutela lehentasuna orain.

Horixe bultzatu behar ditugula euskal naziogintzan gai sozioekonomikoak: genero berdintasuna, ekonomia indartsua, lan baldintza duinak, demografia zahartuari irtenbideak ematea, gizarte zibil aktibo eta ekintzailea, aukera berdintasuna, gizarte kohesioa... Baina gai horiek zeharkakoak dira. Berdin defendituko genituzke hemen edo Murtzian [Espainia], ezkertiarrak izanik. Baina gure-gureak, propioak, guk ez baditugu defendatzen, ez du beste inork egingo. Ulertzen dut batzuentzat ez izatea hori ardatza, baina guretzat izan behar du, eta aliantza zehatzak eskatzen ditu horrek.

Lurraldetasunaren korapiloari nondik helduko zenioke?

Hori askatzeko aukerak aztertzen ari gara, eta aztertzen jarraitu beharko dugu. Lurraldeen konfederazioa izan daiteke bidea. Horren oinarrian, gizarte demokratikoa eta zazpi herrialdeetako udalen sarea egon daitezke.

Nola ikusten duzu hurrengo legegintzaldiko gobernabidea? Eta zeintzuk aliantzak?

Ez ditugu etsaiak bilatu behar, aliatuak baizik. Naziogintzari lotutako gaietan, aliantzak EAJ eta EH Bilduren artekoa izan behar du. Herri honek behar du hori. Bestetik, gai bakoitzak, alor sozioekonomiko bakoitzak bere aliantzak izan ditzake. Aliantzak, gainera, ez dira betiko izaten, eta ez dira betiko hausten. Gai sozio-ekonomikoetan, esaterako, aldakorrak eta desberdinak izan daitezke: EAJ+PSE+EH Bildu+Ahal Dugu, heriotza duinaren legean gertatu bezala; PSE+EH Bildu+Ahal Dugu, etxebizitzarenean; edo EAJ+EH Bildu, udalenean. Presoen gaia ere serio hartu eta ondo eta osotasunean konpondu beharrekoa da, etorkizuna elkarbizitzan eta giza eskubideen errespetuan oinarritu nahi badugu.

Politikara itzultzeko asmorik?

Eusko Ikaskuntzan nago, eta hemendik egiten dut borondatezko ekarpena gaurko eta etorkizuneko Euskal Herriaren alde. Aurrera begiratzen dut, eta gure gizartea ezagutzeko ahaleginetan parte hartzen dut, ikerketa eta hausnarketa esparruetan batez ere. Aukerak eta zubi lanak sortzeko nire ekarpenak egiten saiatzen naiz. Horretan nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.