EH Bilduko Udalgintzaren arduraduna

Onintze Oleaga: «Eudel Jaurlaritzaren politikak balioztatzeko tresna da gaur egun»

«Gobernantza eredu kolaboratiboa» gauzatzeko eremu egokitzat dauka EH Bilduk udalgintza. Udalbiltzaren rolaz eta Eudelen zereginaz ere aritu da Oleaga.

EH Bilduko Udalgintzako arduradun Onintze Oleaga.
GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
Donostia
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

EH Bilduko Mahai Politikoko kide Onintze Oleagak (Atxondo, Bizkaia, 1982) udal politikaren aktualitateari heldu dio, koalizio subiranistaren Konferentzia Munizipalistaren atarian. 1.400 hautetsi baino gehiago elkartuko ditu EH Bilduk: «Herri honek duen oinarri munizipalista nagusia».

Durangokoa indar erakustaldia izango da EAJ eta PSE Eusko Jaurlaritza osatzeko ituna prestatzen ari diren honetan?

Konferentziaren helburu nagusia ez da erakustaldirik egitea. Munizipalismoari garrantzi berezia ematen diogu, ondo erakusten baitu politika egiteko EH Bilduren modua; herri erronkei erantzuteko politika eraldatzaileak gauzatzeko eremu naturala da, eta gure gobernantza eredua lantzeko aukera ematen digu. Larunbateko konferentzia honetarako izango da: legealdi honetan ditugun erronka nagusiak identifikatzeko eta udalgintzak bete behar duen misio politikoa zehaztu eta adosteko.

Argazkiak berak igorriko du mezu bat, ordea...

Bai, argazkiak berak hitz egingo du, 2022ko konferentzian hitz egin zuen moduan, gure udal oinarri guztia deitu baitugu. EH Bilduren oinarria da herri honek duen oinarri munizipalista nagusia: 1.400 hautetsi baino gehiago eta 149 alkate.

EH Bilduren udalak alternatiba gisa aurkeztu nahi dituzue erkidegoko gobernuen aldean?

Udal gobernuak ez dira erkidegoko gobernuen alternatiba, eskumen mailak oso desberdinak baitira. Baina egia da EH Bildu herri honentzat badela alternatiba bat gako politikoetan. Iazko eta aurtengo hauteskundeek erakutsi dute ziklo politiko berri bat zabaldu dela: EH Bildu da lehen indar munizipalista eta Hego Euskal Herrian boto gehien jaso dituena.

Indar horrek ez du, ordea, legokiokeen isla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalez besteko erakundeetan. Ordezkaritzak orekatu nahi dituzue udalei garrantzi gehiago emanez?

Gure helburua ez da erakunde maila desberdinen artean oreka bat erakutsi nahi izatea, baizik eta herri honi erantzunak ematea erronka handien inguruan, erantzun komunitarioak ematea. Desberdinen artean eraiki behar dugula argi dugu, eta EH Bilduk asmatu egin du, jendeak esateko duena entzun baitu. Konponbideak herritarrekin batera bilatu behar dira.

«Donostian, lehen indar izateko 800 botoren faltan geratu gara apirileko bozetan. Hurrengo helburu nagusi bat da Donostian garaitzea».

Iruñeko alkatetza lortu du EH Bilduk, eta Gasteizen lehen indarra da, baina Bilbon, Barakaldon, Getxon eta beste zenbait hiritan koalizioa ez da benetako alternatiba oraindik. Zergatik?

Bada uste bat esaten duena EH Bilduren berezko eremua landa eremua dela, herri txikiak. 2019ko bozetan apurtu egin genuen uste hori, EH Bilduk jauzi bat egin baitzuen eremu hiritarrean, herri ertainetan ere gailenduz, adibidez, Galdakaon. 2023ko bozetan ikusi da gero eta herritar gehiagok ematen digula botoa aurretik gorakada izan dugun udalerri horietan. Ari gara urratsak egiten, zenbait lekutan beste erritmo batean, egia da, baina sarbide handia dugu hiri horietan ere.

2027ko udal bozetan EH Bilduren gorakada nahikoa izango da hiri handi batzuetan garaitzeko?

Donostian, lehen indar izateko 800 botoren faltan geratu gara apirileko bozetan. Hurrengo erronka nagusi bat da Donostian garaitzea, eta Ezkerraldean, berriz, Santurtzin eta Sestaon, lortu dugu bigarren izatea, jauzi garrantzitsuak egin eta gero. Gure apustua da 2027an gora egiten jarraitzea, eta bide horretatik gobernu tresna gehiago eskuratzea.

Otxandianok eskatzen duen kooperazioa ez da Jaurlaritza osatzeko. Udal alorrean errazagoa izango da gobernantza eredu hori martxan jartzea?

Praktikan jartzen ari gara 2019az geroztik, udaletan. Modu askotako akordioen bidez ari gara gauzatzen, Iruñean, Galdakaon, Durangon, Bermeon... eta Gernikan ere horixe bera proposatu dugu. Lehen indarra gara han, baina hiru indar gaude boto gutxiren aldean, eta denak ordezkatzen dituen formula bat behar da blokeoa gainditzeko.

«Adosteko ezintasunak blokeatzen du Gernika. Politika konbentzionalak eramaten ditu karguak banatzera eta ez herritarren interesak erdigunean jartzera».

Nork blokeatzen du Gernika?

Adosteko ezintasunak blokeatzen du. Politika konbentzionalak eramaten ditu karguak banatzera eta ez herritarren interesak erdigunean jartzera.

Durangoko ekitaldia «ideiak, politika publikoak eta bide orria bateratu eta partekatzeko» helburuz egingo da. Ez al du antzeko zeregina Udalbiltzak?

Konferentzia EH Bilduren eremu natural bat da, organikoa. Udalbiltzak nazio batzarra egin zuen iaz, eta erabakiak hartu. Politika eraldatzaileak martxan jartzearen aldeko gogoeta egin zuen, eta horiek udaletatik nola garatu ahal diren argitzeko zerbitzua eskaintzen du orain.

Oposiziotik nola jardun ere landuko duzue konferentzian. Nola jardun behar du EH Bilduk oposizioan?

Herri erronkei nola aurre egin, hori da gure ardura nagusia, eta erantzunen artean kolaborazioa dago. Bide horretan jardun behar dugu bai udal gobernuetan bai oposizioan. Gobernuak agintzeko tresnak ematen dizkizu, baliabideak; oposizioan, berriz, egon daitezke kooperaziorako aukerak, eta horren alde egingo dugu.

«Udalen interesen alde baliatu behar da Eudel; funtsean, hori aldatu nahi dugu, eta horregatik ez genuen babestu azken aurrekontua».

EH Bilduren indar munizipalista ez da nahikoa izan Eudeleko gidaritza hartzeko.

Herri bakoitzaren biztanle kopuruaren eta botoen arabera banatzen dira ordezkariak Eudelen. Gasteizko eta Durangoko alkatetzak eskuratu izan bagenitu, Eudeleko boto kopuru handiena izango genuke. Hazten jarraitzen badugu, 2027ko bozen ondoren hartu ahalko dugu Eudeleko presidentetza. Bestalde, azpimarratu behar da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaritza eskuratu dugula, Tafallako alkate Xabier Alkuazekin.

EH Bilduk ez ditu Eudelen aurrekontuak babestu.

Izan ere, garrantzitsua da azaltzea zertarako nahi dugun Eudelen lema. Udalak menpekotzat hartzen dituzte gainetik dauden erakundeek, eta Eudelek, udalen interesen alde aritu beharrean, Jaurlaritzaren politiken jarraitzaile gisa jokatzen du gaur egun, haren interesak baliozkotzeko tresna gisa. Udalen interesen alde baliatu behar da Eudel; funtsean, hori aldatu nahi dugu, eta horregatik ez genuen babestu Eudelen azken aurrekontua. Han ere desberdinen arteko akordioak beharko dira aurrerantzean, eta aurrekontuak denen artean landu beharko dira. Laster, beste aukera bat izango dugu aurrekontu berriei begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.