Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako EH Bilduren lehendakarigaiak «herri proiektu baterako» proposamena ondu du saiakera batean: Begirada. Proposamen politiko bat da, zeinak kudeaketatik haragoko herri bat irudikatzen duen, eta osasun zerbitzuak eta bizitzaren kalitatea ardatzean jartzen dituen. Gaur egungo diagnostikoa egin, eta «herri gisako erantzuna» proposatu du saiakeran, erronkei aurre egiteko. «Garai historikoaren eta politikoaren» inguruan eztabaidatzeko gonbidapena izan nahi du. Garaiari egokitutako eztabaida eskatu die gainerako hautagaiei.
Donostian, Tabakaleran egin du aurkezpena, koalizioko herri ordezkari eta arduradun ugariz inguratuta. Txalo artean hartu dituzte Otxandiano eta EH Bilduk proposatutako Ima Garrastatxu Bizkaiko zerrendaburua eta Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburua.
Urteetan koaliziokideekin egindako bidearen bilduma gisa aurkeztu du Begirada: «Pentsamendu kolektibo bat paperean jartzen saiatu naiz». Uste du ziklo politiko berri baten hasieran dagoela herri hau, eta garrantzitsutzat jo du garai hau ondo ulertzea, nondik nora joan nahi den pentsatzeko.
Haren ustez, garai bat bukatu da, autokonplazentzian jardun dena, eta etorkizuna behar bezala prestatu ez duena. «Hamarkada bat galdu da; ez atzera ez aurrera gaude uneotan, noiz eta munduan izugarrizko aldaketak datozenean». Uste du datozen erronkei aurre egiteko lidergo falta dagoela. «Urte erabakigarriak izango dira euskalduntze prozesua biziberritzeko, klima aldaketari aurre egiteko, erronka demografikoaren aurrean neurriak hartzeko... orain hartzen diren erabakiek baldintzatuko dute etorkizuna, orain da erabakiak hartzeko garaia».
Premiazko bi gai ikusten ditu: Osakidetza eta bizitzaren garestitzeari aurre egitea, soldatak eta etxebizitza eskubideari erantzunda. Osakidetzari dagokionez, datozen lau urteak Osakidetza «zutik jartzeko» garaia izan behar dela dio, «profesionalek denbora daramate esanez egoera jasanezina dela, eta entzun nahi izan dituenak izan du horretarako denbora. Osakidetza da politikak izan duen bilakaeraren paradigma, nola kalitatezko zerbitzu publiko bat degradatu den, eta nola galdu dugun kapital humanoa ez delako zaindu». Bizitzaren garestitzeari dagokionez, etxebizitza politiketan eta soldaten prekarizazioan jarri du arreta.
Bestalde, aurrera begiratu eta 2040ko ortzimugan begirada jarrita, uste du hiru lehentasun daudela: interes publikoak gidatutako beste politika ekonomiko bat, ezagutza sistemak berritzea eta zaintza.
Otxandianok esan du horiek guztiak gauzatu ahal izateko instrumentu juridiko-politikoak beharko direla, beste estatus politiko bat, alegia. «Autogobernuaren dimentsionatze berri bat, nazio aitortza jasoko duena, erabakitze eskubidea aitortuko duena, botere maila handiagoa emango diguna, gainontzeko euskal lurraldeekin berdinen arteko harremanak garatzeko bideak ekarriko dituena eta berme sistema eraginkor batez hornituko gaituena».