Herri txiki, erbeste handi

Euskal iheslarien gaia hizpide izan dute Bilbon Euskal Memoria fundazioak antolatutako hitzaldi batean; gerra osteko iheslarien eta gerokoen arteko «hari bat» sumatzen dute.

Nieves San Emeterio ?ezkerrean? eta Iñaki Egaña ?eskuinean? atzo Bilbon antolatutako hitzaldian. MARISOL RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herrian, jazarpenetik ihesi atzerrirako bidea hartu behar izatea ez da gauza berria. Aitzitik, euskal gatazka politikoa bezain zaharra da. 1936ko gerraren osteko ihesaldi masiboa eta azken 50 urtean ETA sortu ondoren izandako errefuxiatu eta deportatuak dira errealitate horren alderik ezagunenak, baina nahi izatera, I. Mundu Gerrara, Maroko eta Kubako gerretara, gerra karlistetara edo are lehenagoko garaietara jo dezake horretaz interesa duen ikerlariak.

Erbestea izan dute hizpide Bilbon Euskal Memoria fundazioak antolatutako hitzaldian. Iñaki Egaña idazle, historialari eta Euskal Memoria fundazioaren presidenteak azaldu duenez, historian sustrai sakonak ditu horrek, baina batez ere 1936tik aurrerako erbestealdiaz mintzatu da.

Izan ere, epe hori hartzen du Egañak berak idatzitako eta Euskal Memoriak argitaratutako Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015) liburuak. Memoriaren eraikuntzan alderdi hori oraindik ere ia ikertu gabe dagoela jakitun, lanari ekin diote hainbat informazio iturritatik edanez eta, batez ere, erbestea jasan behar izan duten edo oraindik sasian dauden herritarren testigantzak bilduz.

Egañak esan duenez, 1936ko gerra izan da «seguru asko, herri honek bere historia osoan pairatu duen tragediarik handiena». Jaioterria utzi behar izan zutenei dagokienez, datuak ikaragarriak dira: 151.000 euskal herritarrek erbestera jo behar izan zuten, orduko populazioaren %7 inguruk. Francoren armadak Gipuzkoa hartu zuenean, 105.000 gipuzkoarrek bilatu zuten babesa Bizkaian, herrialde horretako biztanleen heren bat, gutxi gorabehera.

Bereziki mingarria izan zen umeen kasua; gerratik ihes eginez, 38.000 haur inguruk etxea eta familia atzean utzi behar izan zuten, Frantzian, Katalunian, Ingalaterran, Belgikan, Sobiet Batasunean, Suitzan eta Danimarkan babesa bilatzeko. Horietatik asko itzuli ziren gerra amaitutakoan, baina beste asko ez ziren inoiz bueltatu.

Gerra osteko euskal iheslariek Frantziara jo zuten lehenbizi, eta Mexiko, Argentina, Venezuela eta Ameriketako beste zenbait herrialdetara geroago. Jaurlaritzak hala aholkatuta, heriotza zigorrik ez zutenak itzuli ziren apurka-apurka, baina 12.000 inguru atzerrian gelditu ziren. Batzuk erbestean hil ziren eta besteak ez zirenitzuli frankismoaren amaierara arte.

Iheslarien bigarren oldea 1960tik aurrera gertatu zen. Egañak esan duenez, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen aro modernoko lehen iheslaria, baina askoz gehiago etorri ziren ondoren: ia 3.000 lagunen zerrenda osatu dute libururako egindako ikerketan.

Egañak nabarmendu du «hari bat» edo nolabaiteko lotura bat dagoela iheslarien bi oldeen artean. Letamendi Urresti familiaren adibidea jarri du horren frogatzat: Francoren jazarralditik ihes egin behar izan zuten Txomin Letamendik eta Karmele Urrestik; haren alaba Ikerne erbestean jaio zen; Txomin Letamendi 1945ean atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten frankistek, eta handik gutxira hil egin zen, torturen ondorioz; eta Ikerne Letamendiren seme bat, Rober Diaz Letamendi, 1992an atxilotu zuten Parisen eta erbestean dago egun.

«Batzuek uste dute iheslarien egoera presoena baino hobea dela», esan du Egañak: «Kontua ez da konparazioak egitea, bainaiheslarien artean oso istorio lazgarriak daude». Bat aipatu du Egañak: 1987an Frantziako Gobernuak egindako sarekada handiaren ostean —220 lagun atxilotu zituzten, horien artean sei ume, eta gehienak Espainiaren esku utzi zituzten— eta oraintsu arte frankismoaren satorren modura bizi izan den iheslari batena, etxebizitza batetik inoiz atera gabe.

Nieves San Emeteriok ere hartu du parte hitzaldian. Jose Miguel Arrugaeta bilbotar deportatuaren ama da San Emeterio, eta azaldu du 1979ko gau batez Guardia Zibila etxera joan zitzaiola semearen bila. «Zorionez, ez zegoen etxean eta ez zuten harrapatu», esan du. «Eta geroztik ez da etxera itzuli». Frantzian espetxeraturik egon ostean, Panamara bidali zuten beste zenbait errefuxiaturekin batera, eta geroago Kubara. Han dago oraindik.

Kuban Arrugaetaren egoera «ona» den arren, deportazioa «gogorra» dela esan du San Emeteriok. «Semeak beti esaten du bere kideei zor diela bizia, haiei esker lortu duela erbestea 38 urtez jasatea», azaldu du.

Une honetan, Arrugaetak ez du Euskal Herrira itzultzerik, Eloy Velasco epaile espainiarrak haren kontrako akusazioari eutsi diolako, baina San Emeteriok esan du ez duela esperantza galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.