Herri Urrats: «Egun bakarreko besta», urte osoko lanerako

Iaz bezala, aurtengo eta datorren urteko Herri Urratseko mozkina Kanboko ikastetxea berritzeko baliatuko da

Herri Urrats aurkezteko agerraldia, atzo, Baionan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Maiatzaren 13an eginen da Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen besta, eta aurten ere, iaz bezala eta datorren urtean bezala, Kanboko Xalbador ikastegia arraberritzeko baliatuko da bertatik sortuko den etekina. Lanen aurrekontua bost milioi euro da. Duela 29 urte egin zuten Xalbador ikastegia, eta, eraikin zaharra izanki, arraberritze lanak beharrezkoak dira. Bestalde, Seaskak laugarren ikastetxea ireki beharko du, Baionan.

Herri Urrats egun bateko besta baino gehiago dela erran zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak atzo, bestaren aurkezpenean: «Egun bakarreko besta da, baina ikastolen urte osoko ibilmoldea jokoan da». Aurtengo leloak Elkartuz zabaldu dio, eta euskararen errealitateari erantzuten diola azaldu zuen Gorostiagak. Botere publikoek ikastolak zabaltzeko eta eraikitzeko engaiamendu argirik hartzen ez duten bitartean, Seaskaren eta herritarren gain gelditzen da ikastolen hedapena Ipar Euskal Herrian.

Dagoeneko beterik daude Seaskak dituen hiru lizeoak: Xalbador ikastegia Kanbon, Larzabal Ziburun eta Manex-Erdozaintzi Larzabalen. Izan ere, azken urteotan Seaskak lehen mailetan izan duen ikasle emendatzea bigarren mailara heldu da, eta laugarren ikastetxe baten eraikuntza aztertzen ari direla jakinarazi zuen Gorostiagak. Ikastetxe hori Baionan kokatuko litzateke, baina, horretarako, funtsezkoa izanen da botere publikoen engaiamendua handitzea, Gorostiagaren erranetan.

Egun osorako egitaraua

Seaskak Herri Urratseko programa ezagutarazi zuen atzo. Ohi bezala, goizeko hamarretan emanen diote hasiera egunari, eta lau gune nagusi egonen dira: Nafarroa, Lapurdi, Araba eta Gipuzkoa. Haurren txokoa ere izanen da aurten Senperen, eta bertan arituko dira Oreka zirkua, bertsolari gazteak, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, kirol egokituak eta buruhandiak. Irrien Lagunak taldeak itxiko du, iluntzean, haurrentzat prestaturiko programazioa. Su ta Gar, Zarama eta Anje Duhalde entzuteko parada ere egonen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.