1949an jaioa naiz, Eibarren, eta umea nintzela konturatu nintzen gure etxean gauza askotan nagusiek isilean hitz egiten zutela, gauaz Radio Paris entzuten; gure ama, aitak erabilitako euskal ikurrin handi bat armairuko bazter ezkutu batean gordetzen. Eta haserretu egiten zirela nik kaletik gaztelerazko hitz batzuk erabiliz gero, «ez diat ulertzen» esanez.
Geroago, gaztetxoago nintzela sumatu nuen, zuzenean, gure etxean diktadura zer zen: 12 urte nituela, 1961ean, goiz batean poliziaz bete zen gure etxea, eta nire koinatua kartzelatu zuten, Meliton Mazanasek Donostiako komisarian izugarrizko torturak eragin ondoren. Nire buruan betiko grabatuta geratu ziren gure familia osoan sumatu nituen izuak eta negarrak, eta ikusi nituenean torturatzaileek nire arrebari emandako barruko arropak, senarrarenak, odolez beteta.
1960ko hamarkadaren bigarren zatian, 1965etik aurrera, hasiak ziren hainbat herritan, gurean ere bai, manifestazioak eta «saltoak» egiten, hainbat aldarrikapenekin: langileen grebak, Maiatzaren Lehenak, atxiloketen aurkako protestak, pintaketak, ikurrinak... Zurrunbilo horietan sartuak ginen gazte dexente.
1975eko azaroaren 20an kartzelan nintzen, Segovian, eta izugarrizko poza hartu genuen. Baina frankisten esku jarraitzen genuela ere barneratu genuen. Aldaketa batzuk etorriko zirela pentsatzen genuen, eta indultu batzuei esker hainbat kide libre atera ziren, baina aurreko hilabetean, irailean, bost kide fusilatuak izan zirela ere gogoan genuen, eta frankismoak bere horretan jarraitzeko asmoetan ibiliko zela pentsatzen genuen, nahiz eta kalea aldaketaren aldekoa zela sumatu, giroa berotzen hasia baitzen amnistiaren aldeko mobilizazioekin.
Badaezpada, ihesaldia prestatzen hasiak ginen berriz, eta, hilabete batzuk pasatu ondoren, 1976ko apirilaren 5ean burutu genuen ihesaldia. Ezaguna da emaitza.
Francoren heriotzarekin uste dut espektatiba asko sortu zirela denen gogoetan; handiegiak, gero gertatu zena ikusita. «Trantsizio» garai hura oso zurrunbilotsua bilakatu zen, nahasia: alderdien legalizazioa, amnistiaren aldarrikapena... Dena batera zetorren, eta alderdi batzuek, orduan berriro agertu zirenak, oso ondo aprobetxatu zuten beren presentzia indartzeko, nahiz eta aurreko hamarkadetan frankismoaren aurka inongo borrokatan ez jardun.
1977ko udaberrian kaleratu gintuzten preso politiko guztiak, amnistiaren aldeko izugarrizko mobilizazioei esker; ez, gero, Suarezen gobernuaren nahia eta desioa zelako, baizik eta indar herrikoi handia izan zelako mobilizatzen, Estatuko lurralde guztietan. Herriak askatu gintuen.

Azken 50 urte hauek pertsonalki —beste gauza bat da politikoki eta sozialki— nahiko emankorrak izan direla esango nioke neure buruari. Momentu oso txarrak pasatu ditut: kartzelako urteak, tartean nire gorputza betirako markatu zidan istripu handi batekin, gogorrak izan ziren. Baina momentu onak eta oso onak ere pasatu ditut, eta horiekin geratzen naiz.
Bakoitzaren 50 urteko ibilbideari buruz, batzuk behintzat hainbat gauza gogoratu eta esateko moduan gara, gure bizitzaren zatirik garrantzitsuenetako bat militantzia soziala izanik. Eta nirea ere horretan datza. Umetako pasarte batzuk eta nerabezarotik aurrera bizi izandakoak, bai familian, bai kalean, edo lagunekin, edo lanean... izaten dira pertsona bat markatzen dutenak. 16-17 urterekin hasi nintzen nolabaiteko militantzia jardunetan, eta 18-19 urterekin bukatu nuen kartzelan. Kartzela bilakatu zitzaigun unibertsitatea gazte askori, eta geneukan jakin-minarekin bete genituen urte luze haiek, bai behin-behineko kartzeletan (Martutene, Carabanchel, Santander...), eta geroko penaletara eraman gintuztenean (Burgos, Soria, Segovia, Puerto de Santa Maria...).
Hotel haietan bederatzi urte egin ondoren, heldutasun handiagoarekin atera nintzela uste dut (derrigorrezko ondorioa ere izango zen, kartzelak ez baitu beste aukerarik ematen: irakurtzea, estudiatzea... eta beti gure artean erabiltzen genituen eztabaida ideologiko eta politikoetan ibiltzea baino). Behin askatasuna nire esku, bizitzaren normalizazioa lortzea izan zen lehendabiziko helburua, zorionez lortu nuena, jarraipen eta ekimen politiko-sozialak utzi gabe. 1980ko hamarkadatik aurrera jarraitu nuen ekimen sozialeko zerikusiekin, eta gaur egun batez ere memoriaren eta frankismoaren biktimen arloan mugitzen ari naiz, Goldatu Elkartearen partaide.
Â
Josu Ibargutxi San Pedro Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1949an. 1968an larri zauritu zen, aldean zuen bonba batek eztanda egin baitzuen. Atxilotu, eta bederatzi urte egin zituen giltzapetuta, Amnistia Legearekin kalera irten zen arte. Urtebete lehenago, Segoviako espetxeko ihesaldian parte hartu zutenetako bat izan zen. Goldatu elkarteko kidea da, eta frankismoaren krimenen aurkako Argentinako Kereilarako Euskal Plataformaren bozeramailea.