Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera. Amaia Agirregabiria. Pasaiako alkatea

«Herriak berreskuratu egin behar du portua, bunker itxi bat baita»

Herritarrek Pasaiako portuarekin izandako harreman historikoaz kexu da Amaia Agirregabiria. «Erdi Aroko jauntxo» legez aritzea egotzi dio alkateak portu agintaritzari, eta jarrera aldatzeko eskatu dio.

inaki petxarroman
Pasaia
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez da fio Amaia Agirregabiria (Donostia, 1975) Portu Agintaritza ematera doan pausoarekin. «Eredu ekonomiko jakin bat sustatzen ari diren horiek tiraderan gorde besterik ez dute egin, une honetan ekonomikoki ez delako bideragarria eta ez zaielako ondo etortzen. Ez dugu erlaxatu behar, ondo datorkien egunean aurrera egingo baitute berriro».

Kanpoko portuari berriz heltzeko aukera izateak kezkatzen zaitu, baina zaila dirudi ezta?

Kezkagarriena da proiektu horrekin itsututa ibili diren bitartean portua hiltzen utzi dutela. Inork ez dio inolako arretarik ipini, inork ez du bideragarritasun planik aurrera eraman. Orain hasi dira. Azken hamar urteotan izan duen beherakada kanpoko kaiaren erruz ere izan da.

Hartutako erabakiak arrazoia eman dizuela uste duzu?

Alde batetik bai, eta bestetik ez. Ikusita zer argudio erabili dituzten proiektua bertan behera uzteko, atentzioa ematen du, esaterako, ingurumenaren kaltearen argudioa ez dutela erabili. Beraz, kezka handiz gaude. Hala ere, nolabait herri presioak zerikusia izan du atzera egite honetan, hasieratik aipatutako kritikak —espekulatzeko proiektu bat zela, adibidez— baieztatu egin direlako.

Ingurumen Ministerioaren azken ebazpena falta zen.

Urrats hau oso ondo etorri zaio ixilik geratzeko. Ez dut uste ezer esango duenik.

Badiako biziberritzeaz eztabaidatuko duzue orain. Zer planteamendu babestuko duzue?

Ez dago pasaitarrik bere historia eta etorkizuna porturik gabe ulertuko duenik. Zer portu mota? Argi dago azken hiru hamarkadetan portu agintaritzak oso jarrera txarra izan duela udal honekiko. Herri honetako jauntxoa izan da, eta horrela segitzen du. Erdi Aroko sistemarik geratzen bada Gipuzkoan, momentu honetan, portu agintaritzak Pasaiak duena da, bai herritarrekin bai udalekin.

Orain, beharbada, entzuteko prest egongo da.

Portu agintaritzak segitzen du pentsatzen bera dela udalerriak zer behar duen erabakiko duena, herritarrek diotenaren eta udal batzarrak erabakitakoaren gainetik. Bere garaian Herrerako lur horiek espekulatzeko erabili nahi zituen kanpoko kaia eraikitzeko. Orain, lur horiek eta hainbat eraikin erabili nahi ditu oso gaizki dituen hainbat kontu garbitzeko. Iazko kontuak itxi zituzten positiboan Jaizkibiak portuarekin zituen ustezko zor batzuengatik, eta aurtengoan itxi nahi dituzte udalarekin asmatu duten balizko zor batekin.

Zer lur utzi behar ditu portuak udalaren esku?

Guk eskatzen duguna da publikoak diren lur batzuk aurrerantzean ere publikoak izatea. Herri honek dituen gabeziak betetzeko ez dauka lurrik, ura eta mendia ez bada. Eta portuak erabili gabe dituen hainbat lurretan herritarrei falta zaizkien hainbat azpiegitura asetzera jo genezake.

Herrerari buruz ari zara?

Orain hasi dira esaten pabiloi berri batzuk egiteko behar dutela, baina gero ikusten da praktikan zertan erabiltzen dituzten, adibidez, Trintxerpeko eremuak. Hor lohiak atera dituzte lehortzeko. Jarrera erasokorrak dituzte, oro har, gurekin. Adibidez, Trintxerpen espaloi bat egin dugu portu agintaritzaren lurretan, eta, baimenik eskatu ez genuenez, etengabeko mehatxua egin digute. Bestetik, badauzkagu bi eraikin portuko lurretan: merkatua eta alkateordetza. Haien uztea amaitu zenean ulertu zuten portu agintaritzatik kontzesio bezala ordaintzen jarraitu behar genuela, eta 2006an jabetza publikotik kenduz geroztik hona esan digute 7.000 euro zor dizkiegula.

Portuak zertarako nahi ditu Herrerako lur horiek?

Haiek ez dute batere argi. Badira herri zerbitzutik kendutako eremuak, eta horrek esan nahi du ez duela asmorik ezer egiteko. Uste dut superportuaren proiektu hori aspaldi zegoela geldirik, aurreko agintalditik akaso, eta luzatzen joan dira segur aski itxaroten ari direlako erakundeetan haien interesen aldeko aldaketak izateko, lur horietan nahi duten negozioa egiteko.

Etxebizitzekin negozioa?

LKS aholkularitzak azterketa bat egin zuen, eta hainbat erakunde gonbidatu gintuzten, portuaren etorkizunaz hitz egiteko. Udalak ez zuen parte hartu, itxurak egin nahi dituztelako, eztabaidan jarri zituztelako gai asko portuari ez dagozkionak: hiri antolaketa, adibidez. Hamabost urte barru zer portu izango den erabakitzeko gogoeta bat behar dela diote, baina herri honek ezin du hamabost urte itxaron.

Zer lur behar ditu portuak eta zer lur ez?

Uste dut haiek garbi samar daukatela Herrerako eremu zabalena ez dutela behar. Beharko lukete justu errepide ondoan dagoen pabiloi sorta hori, betiere bota eta berriz eraikita, ez baitira 30 urtean erabili.

Zer portu mota nahi duzu?

Portuak herriarekin izan behar duen harremana aldatu egin behar da. Beste portu batzuek herrian sortzen dituzten oztopoen ordainetan neurriak hartu izan dituzte, pasabideak txukundu, ekipamenduak ipini... Hemen kontrakoa gertatu da. Saiatu dira trikimailuak bilatzen zergarik ez ordaintzeko. Deskargak egin dituzte inolako ingurumen kontrolik gabe. Uste dut portuak bideragarritasun plan serio bat behar duela. Behar du jarduera bideragarri bat, trafiko berriekin, herrialde berrietara egokitua. Hori egin behar du portuak, eta ez arduratu lur batzuengatik zenbat diru aterako duen.

Zer behar ditu Pasaiak portuak behar ez dituen lur horietan?

Hor badaude Herrera Herrira-k aurrera eramandako parte hartze prozesu horren ondorioak, udalbatzak bere egindakoak. Agerikoa da espazio zabalen beharra aisialdirako, herri honetako dentsitatea izugarria baita. Horrez gain, ekipamendu falta itzela dago. Pasaian, adibidez, ez dago igerilekurik. Mugikortasun arazo handiak ditugu. Garai batean, portu irekia zen hau; arrantzan egin zitekeen. Gaur egun, erabat itxita dago.Herriak berreskuratu behar du portua, gaur egun bunker itxi bat baita.

Erakundeek ahaztu duten sentimendua dauka Pasaiak?

1980ko hamarkadan izandako desindustrializazioaren ondoren, herriak itxuraldatu egin ziren, egokitu. Hemen, enpresak joan ziren, eta gu berdin geratu ginen. Hau Gipuzkoaren aberastasunaren atea izan da, baina atea besterik ez. Eta sortzen dituzten erakunde arteko mahai guztiei buruz esan nahi dut herri honetan erabaki behar dugula zer herri mota nahi dugun eta herri honen etorkizuna, ez Gasteizko eta are gutxiago Madrilgo bulego batean.

Jaizkibelgo itsaslabarren babesa lortzeko garai ona da hau?

Guk ingurumen teknikari bat kontratatu behar dugu. Beti esan dugu Jaizkibel gure altxorra dela. Jende askok ez badaki ere, Donibanek eta Antxok Jaizkibelgo ura edaten dute. Guk baliabideak jarriko ditugu kontrol gehiago izateko altxor horren gainean. Eta Jaizkibelgo lege babesari buruz, uste dut ez dela etorriko superportuaren proiektua tiraderan dagoen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.