Herriak tentsio handiko eremu izendatzeko eskatuko dute mozio bidez

Donostiako Udalak mozioa berretsi zuen uztailaren 4an, eta Donostia «tentsio handiko eremu» izendatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari

Bilboko plaza bat, hainbat etxebizitza blokerekin eta landare bakan batzuekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Alokairuak hainbeste garestitu ez daitezen, Kaleratzeak Stop plataformak mozioak aurkeztuko ditu Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako «udal nagusietan». Udal horiek «tentsio handiko eremu» izendatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Kaleratzeak Stop kolektiboak ohartarazi duenez, mozioak hilabete honetan eta irailean aurkeztuko ditu. Donostiako Udala izan da lehenbizikoa mozioa berresten. Hain zuzen ere, uztailaren 4an udalak Jaurlaritzari eskatu zion Donostia «tentsio handiko eremu» izendatzeko.

Espainiako Gorteek maiatzean onartu zuten Etxebizitza Legea. EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak ezinbestekoak izan ziren. Lege horri esker, gobernu autonomikoek «tentsio handiko eremutzat» jo ditzakete hiriak, auzoak edo herriak. Legeak halakotzat hartzen ditu alokairuaren edo etxebizitzaren prezio neurrigabeak dituzten hiriak eta herriak.

Halere, eztabaida iturri izan zen legea onartu berritan; EuskoAlderdi Jeltzaleak aurka bozkatu zuen Espainiako Kongresuan, eta Jaurlaritza ere kontra agertu zen, bere eskumenak urratzen zituela argudiatuta. Kaleratzeak Stop kolektiboak, ordea, ez du uste eskumen arazorik dagoenik; beraz, plataformak salatu egin ditu tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesuak «atzeratzeko» EAJk jarritako «aitzakiak».

Kaleratzeak Stopen iritziz, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta beste udalerri askok betetzen dituzte «tentsio handiko eremutzat» hartuak izateko lege berriak ezarritako baldintzak. Hala izendatzeko baldintzak hauek dira: batetik, hipoteken edo alokairuen prezioak —gastuak barne— etxe bakoitzeko batez besteko diru sarreren %30 gainditzea; bestetik, azken bost urteetan eremu horretan etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa KPI kontsumo prezioen indizea baino hiru puntu gehiago igo izana. Dena den, udalerri bat «tentsio handiko eremu» izendatu ahal izateko,nahikoa da bi baldintzetako bat betetzea.

Kaleratzeak Stop kolektiboak eredutzat hartu du Kataluniako joera alokairuen aferan. Hain justu ere, alokairuaren prezioa mugatzeko asmoz, 60tik 140ra handitu da «tentsio handiko eremu» izendatu diren udalerrien kopurua.

Hartutako neurriak

Besteak beste, neurri hauek ezartzen dira «tentsio handiko eremu» izendatzen diren udalerrietan: %90erainoko hobaria ezartzen diren PFEZaren kalkuluan; bost etxebizitza edo gehiago dituztenak «jabe handi» bilakatuko dira; eta prezioa %10 igo ahal izatea hobekuntza obrak egiten badira edo hamar urteko kontratuak sinatzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.