Euskaraz bai leloa "Euskal Herriko txoko guztietara" zabalduko du Kontseiluak 2008. urtean, eta helburu horrekin eta erakundearen 10. urteurrena beteko dela medio, herrietan lanean ari direnen eragileekin gaur ekitaldia egin du Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. “10. urteurreneko asmoak azaldu eta euren iritziak jasotzeko bildu gara”, esan du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Hainbat eta hainbat lagun azaldu dira ekitaldira.
Kontseiluak gaur egun 121 herritan egiten du lan, Euskal Herri osoan. “Orain dela hamar urte ‘Bai euskarari’ kanpainarekin hasi ginenetik lan ikaragarria egin dugu. Hasi ginenean nork esango zigun ‘Bai Euskarari’ kanpaina herrietan barreiatzeko berrehun batzorde sortzea lortuko genuela?”, galdetu du Mendigurenek.
10. urteurrena ospatzeko herrietara eramango du Kontseiluak egindakoaren informazioa. Erakusketa ibiltaria antolatuko du. Urte bukaeran, berriz, ekitaldia egin nahi dutela iragarri dute euskararen erakundeko ordezkariek.
Euskaraz bai adierazpenaren alde egin du gaur berriro. Kontseiluak abenduaren 19an aurkeztu zuen, Bilbon, eta euskararen egoeraren azterketa eta etorkizunaren erronkak azaltzen ditu. “Euskararen normalizazioaren ahaleginean batera jarduteko gonbita luzatuko diegu gizarte eragileei, erakundeei eta jendarteari, oro har”. Otsailetik aurrera Euskaraz bai adierazpena zabaltzen hasiko da. "Hamar urte pasatu eta egin dugun lanaren ondoren, gero eta garbiago ikusten dugu euskarak aurrera egingo badu zerbait gehiago behar duela, atxikimenduaz eta aldekotasunaz gainera, batez ere euskarak behar duena da ikasia eta erabilia izatea, herritarrak ‘Euskaraz bai’ esatea, alegia”, adierazi du Mendigurenek.
Argazkian, Kontseiluaren gaurko ekitaldia. (Kontseilua).
Euskara
Herrietako eragileekin bildu da Kontseilua
Euskararen erakundearen 10. urteurreneko asmoak azaldu dizkie, eta iritziak jaso ditu. Aurten "Euskal Herriko txoko guztietara" zabalduko du 'Euskaraz bai' adierazpena. Kontseilua gaur egun 121 herritan ari da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu