Ramuntxo Camblong

Herrigintzaren ingeniaria

Seaskaren sortzaileetako bat izan zen Camblong, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakaria, eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidentea, bertzeak bertze. Atzo zendu zen, 82 urte zituela.

GAIZKA IROZ.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Seaskaren eta Elkar argitaletxearen sortzaile; EKEko, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidente; Angeluko zinegotzi; euskaltzain urgazle; Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide; kooperatiben elkarte anitzen sortzaile eta kide; Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide... Ipar Euskal Herrian euskalgintzan, euskal kulturaren alde, kooperatibismoan eta politikan jarduera handia eta zabala eduki zuen Ramuntxo Camblongek. Atzo zendu zen, justu 82 urte bete eta biharamunean.

Camblong Makean sortu zen (Lapurdi), 1939ko azaroaren 11n, eta, Haritza Camblong semeak nabarmendu duenez, «Afrikako erran zuhurrak» dioena aplikatu zuen bizitza osoan: «Bakarrik fiteago goaz, baina elkarrekin urrunago». Hala, egitasmo ugaritan sustatzaile eta parte hartzaile izan zen Camblong, bertze hainbat eta hainbat herritarrekin batera.

Camblongek ingeniaritza ikasketak egin zituen, Parisen eta Angersen (Frantzia), eta Hazparneko San Josepe lizeoko (Lapurdi) irakaslea izan zen 1966tik 1975era bitartean. Jardun hori utzita, Milafrangako (Lapurdi) Copelec kooperatibaren sortzaileetariko bat izan zen 1975ean, eta, 1998ra arte, kooperatibako zuzendari aritu zen. Ondotik, Sokoa enpresako kanpo harremanez arduratu zen, 2002an erretreta hartu zuen arte.

Garai horretan guzian, jardun profesionala lan militantearekin uztartu zuen. Euskalgintzan eta kulturan, 1969an Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1977an, berriz, Elkar argitaletxearen sustatzaileetako bat. Horrez gain, Euskal Herriko Kultur Zentroko lehendakari aritu zen 1984tik 1988ra, eta EKE Euskal Kultur Erakundeko buru 1990etik 1994ra. Herria eta Jakin aldizkarietan artikuluak idatzi zituen, baita Euskaldunon Egunkaria-n ere.

Politikagintzan, abertzaletasunari lotuta egon zen, eta, azken hamarkadotan, EAJri. Enbata mugimenduan egin zituen lehen urratsak, 1963tik 1974ra, zuzendaritza batzordeko kide gisa; EA Eusko Alkartasunako kide izan zen 1986tik 1994ra; ondotik, lau urtez Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta, 1997 bukaeratik aitzinera, EAJko kide egin zen. Zinegotzi lanetan ere aritu zen, Angelun (Lapurdi), eta, horren bidez, Euskal Kosta-Aturri Elkargoko ordezkari izendatu zuten 2001etik 2008ra. 2004tik 2008ra, berriz, EAJren IBB Ipar Buru Batzarreko presidentea izan zen. Udalbiltzaren zuzendaritzan ere parte hartu zuen.

Alderdian ezagutu zuen Camblong zena Peio Etxeleku EAJren IBBko egungo presidenteak. «Alderdian sartzeko idatzi nuen gutuna berak erantzun zidan»; hamar urtez aritu ziren elkarrekin. «Erran nezake egiazko abertzale bat zela. Bere herria bihotzez maite zuen», adierazi du. «Aurpegi anitzeko pertsona zen, biziki osoa: lantegi burua, zientziari lotua, kultura gizona, lurralde garatzailea eta politika arduraduna. Anitz bizi ukan ditu». EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, «gauza guztien gainetik», «gizon ona» zela nabarmendu du: «Bizitza oparoa izan zuen Ramuntxok eta, berari esker, bere inguruan egon ginenok ere are oparoagoa izan genuen gurea».

Kooperatibismoa ipar

Copelec kooperatibaren sortzaile eta zuzendaria izanik, kooperatibismoa sustatzeko hainbat egitasmo bultzatu zituen Camblongek, halaber. Partzuer elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1974an, erraterako: Ipar Euskal Herrian kooperatibak sustatzea zen asmoa, eta hortik sortu zen Copelec kooperatiba bera.

1980an, Herrikoa arrisku-kapital sozietatea sortzen aritu zen, eta Akitaniako kooperatiben SCOP batasuneko lehendakari eta Akitaniako lurraldeko batzorde ekonomiko eta sozialeko kide izan zen 1986tik 1996ra. Iparraldeko Kooperatiben Batasunaren sortzaileetako bat ere izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.