EPAIKETAK

'Herriko taberna' batekin nahastu zutela-eta, Askabide auzitik kanpo utzi dute

35/02 auziko epaiketaren hasierak luze jo du, jendetza elkartu baita Auzitegi Nazionalean. 110 'herriko tabernen' ordezkariak daude deituta, epaituko dituzten 36 lagunez gain. Epaiketaren zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk. Bideoa: Karmelo Landaren adierazpenak (BerriaTB). [Youtube]http://youtu.be/ibA_nKcTnWQ[/Youtube]

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 17a
17:31
Entzun

Luze joan da inputatuta pasatu duten denbora. 2002an abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak de facto Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen sumarioa. Batasunan, HBn zein EHn egindako lan politikoagatik ETAko kide izatea egotzita, gaur hasiko da 36 lagunen kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazioalean. 11 urte geroago. Hain justu, Segiko kide izatea egotzita 36 gazteren kontrako epaiketa egiten ari diren toki eta areto berean egingo dute epaiketa, Madrilen. Gaur ez dago gazteen kontrako auzi saiorik. Gaurtik aurrera, bost bat hilabetez iraungo dute ahozko saioek, eta horietan epaituko dituzten 36 lagunak 11 urtez egon dira "talde terroristako kide edo buruzagi" izatearen akusaziopean, bizitzak baldintzatuta: polizia etxera sinatzera joatera behartuta, eta Espainiaren mugetatik irteteko debekuarekin, besteak beste. Ez dakite, zehazki, zer egin duten ETAko kide izateko. Ezta, zehazki, zer egitea leporatzen dieten ere.

Epaiketa eguerdian hasi da, eta Madrildik zuzeneko kontakizuna egin dute Oihana Elduaien eta Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariek.

Aurretiazko gai batzuk aurkeztu ditu Iñigo Iruin abokatuak: horietako bat, integrazio delitua preskribatuta dagoela Josu Iraetaren kasuan, Iraetak 1992an utzi zuelako HBko mahai nazionala. Joseba Alvarez gaixo dagoenez, epaiketarik kanpo uzteko eskatu du Iruinek. Jose Antonio Ejidori egozten dioten delitua ere preskribituta dagoela dio bere abokatuak.

Preskribapenak onartu egin ditu fiskalak, baina kontra azaldu dira AVT eta Dignidad y Justicia. Epaimahaiak astelehenean erabakiko du zer egin. Halaber, auzitik kanpo utzi dute Askabide prostituzioko langileen elkartea, herriko taberna batekin nahastu baitzuten.

Hamabina urteko eskaera

ETArekiko lotura zuzenen frogarik izan ezean, frogatutako ekintzen atalean jarri du xehetasuna akusatuentzat hamabi eta zortzi urte arteko zigorrak eskatzen dituen fiskalak. HB, EH eta Batasuna ETAren aginduz sortu zirela dio. Eta, beraz, alderdi horietakoak etakide direla. Haren tesiaren arabera, nahikoa da 36 lagun horiek alderdi horietako kideak direla frogatzea ETAkoak direla esateko. Ez du beharrezkotzat jotzen pertsona horietako bakoitzak ETArekin duen harremana edo egin dituen delituzko ekintzak aurkeztea edo frogatzea.

Erabat bestelako bertsioa darama, ordea, Iñigo Iruin, Adolfo Araiz, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek osatzen duten defentsa taldeak. Defentsa idatziko lehenengo puntuan bertan argi dio: "HB ez zuen ETAk sortu". Eta Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ostean ezker abertzaleak "legezko indar politiko bat" behar zuen ondorioa atera ostean sortu zela koalizioa, "euskal gizartean bere proposamenak aurrera eramateko". Eta gerora ere ETAk ez duela agindu alderdi horietan. Sorrera eta jardueraren inguruan hitz egiteko, hirurogei lekuko eraman nahi zituen defentsak, baina hamar besterik ez diote onartu. Francisco Letamendia Ortzi eta Miguel Castells abokatuak, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea eta Paul Rios Lokarrikoa daude onartuen artean.

'Herrikoak' arduradun zibil

Bi ildo ditu gaur epaitzen hasiko diren auziak. Batetik, epaitutakoei egozten zaien jarduera politikoa dago, eta, bestetik, herriko tabernena. Bigarren adar horretan, taberna eta elkarte horien bitartez ETA finantzatzea egozten die fiskalak akusatuei. Gainera, taberna eta elkarte horiek arduradun zibil egin zituen Baltasar Garzonek sumarioan.

Beraz, deituta daude 110 herriko taberna eta elkartetako arduradunak ere. Arduradun horiek, baina, ez dira inputatuta joango, eta ezingo dituzte zigortu. Hala ere, gerta daiteke amaieran zigorra balego taberna eta elkarteen kontrako neurriak hartzea. Bahitzea, esate baterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.