Bilboko Casillatik abiatu da protesta, Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde lelopean. Manifestazioaren buruan, pankarta eraman dute Axi Muniain surflariak, JuanBa Berasategi zinemagileak, Irati Jimenez, Lutxo Egia eta Eider Rodriguez idazleek, Joseba Tapia, Mikel Eseverri, Ines Osinaga, Enrique Villarreal Drogas, Pello Reparaz eta Txerra Bolinaga musikariek, Oier Zearra pilotariak, Irati Anda eskalatzaileak, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreek, Eva Ferreira futbolariak, Peio Ospital kantariak, Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariek eta Jean Pierre Massias irakasleak.
Hasi eta ordubete ingurura ailegatu da manifestazio burua udaletxe aurrera, eta Arkaitz Estiballesen bertsoek eman diote hasiera ekitaldiari. Mikel Urdangarinek eta Rafa Ruedak kantatu dute hurrena, eta Carlos Olaya aktoreak eta Maite Bidarte kazetariak hartu dute hitza manifestaldiaren amaieran. Herriraren kontrako sarekada “denon kontrakoa” izan dela nabarmendu dute, eta herritarren artean operazioak haserrea sortu duela gaineratu: “Gurea haserre emankorra da. Norbaitek pentsatu badu haserreak itoko gaituela, pozoituko gaituela, geldiaraziko gaituela, jai dauka! Gure haserrea sortu duten horiek guztiek jakin behar dute sentitzen dugun haserreak ez gaituela itsutuko. Alderantziz: argiak ireki eta burua argitzen duten haserreetakoa da gurea, tantaz tanta, indarrak batuz, urrats berriak emateko bultzada izango den haserrea, alegia”.
Herrira mugimenduko kideak atxilotuz, euskal presoen eskubideen aldeko herri jarduerak eten nahi izan dituztela uste dute. Jarduera horiek, ordea, “demokratikoki osasuntsuak” direla defendatu dute: “Euskal Herriarentzat osasun demokratikoari loturiko afera bilakatu baita presoen eskubideak defendatzea, eskubide horiek urratuz herritar guztion eskubideak urratzen ari direlako”.
“Elkarbizitza eredu berri” bat galdegin dute, “zeinean denok eskubide berberak izango baititugu”. Orobat, presoak etxeratzeko nahia azaldu dute “izan duten jardueraz ados egon ala ez, beren helburu, estrategia edota jokamoldeez bat egin ala ez, oinarrizko auzi demokratikoa delako”.
Sarekadak “beste esparru batean” kokatu du auzia, antolatzaileen ustez: “Herrira aitzakia da, presoen eskubideen defentsa zigortzea aitzakia da. Helburua herria zigortzea da, herria isiltzea, herria zanpatzea, gure herriari hegalak moztea, hegan egin ez dezan”.
Presoekiko “itxikeriaren” aurrean, urrats gehiago iragarri dituzte datozen asteetarako: “Ez baitago astirik galtzerik, hau premiazko auzia baita. Lehenbailehen ireki nahi dugulako itxi nahi diguten atea”.