Alderdiak

«Herritar denentzako politikekin» lotu du Anduezak PSEren «garaipena»

EAEn, boto kopuruan irabazi zituen PSE-EEk uztailaren 23ko bozak, eta alderdiko idazkari nagusiak helarazi du «balio duen politikaren aldeko mezua» izan dela emaitza hori.

BERRIA. PSE-EEKO IDAZKARI NAGUSI ENEKO ANDUEZA, GAUR.
xabier martin
2023ko irailaren 12a
14:56
Entzun

PSE-EEko Batzorde Exekutiboak bilera egin zuen atzo, eta idazkari nagusi Eneko Anduezak batzar horretan egindako hainbat hausnarketaren berri eman du gaur. Uztailaren 23an, EAEn, PSE-EEk garaitu zuela azpimarratuz hasi da, eta boto kopuruan izan zen garaipen hori «herritar denentzat egiten diren politikekin» lotu du. Anduezaren arabera, hauteskunde emaitzek erakutsi dute «balio duten politikak» nahi dituztela herritarrek: «Herritarren benetako erronkei erantzuteko politiken aldeko mezu argi bat da PSEren garaipena Euskadin».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan «politika progresisten alde» bozkatu dute herritarrek, Anduezaren ustez, «krisiari aurre egiteko modu jakin baten alde, ezkutu sozialaren alde, langileriaren interesen alde eta zerbitzu publikoen alde».

Lizarra-Garaziko 25. urteurrena ere hizpidera ekarri du PSEko idazkari nagusiak. Ziurtatu du «Euskadik» ez duela «inolako beharrik» Lizarra-Garaziko garaietara itzultzeko. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Lizarrako itunaren «norabidera» itzultzeko deia egin du berriki, eta EAJko GBBko presidente Joseba Egibarrek ere Lizarra-Garaziko «gidoia balekoa» dela uste du. Bada, Anduezak erantzun du «harrigarriak» direla hitz horiek: «Porrot hartan parte hartu zuten politikari batzuen oroitzapenak harrigarriak dira».

25 urte bete dira Lizarrako akordioa izenpetu zutenetik, eta hura «Euskadiko gertuko historiako gertaerarik negargarriena» izan zela uste du PSEko buruak: «Soilik nazionalistentzako herri bat egiteko proiektua izan zen, euskal gizartearen zati handi bat kanpoan utzita».

Iragana orainarekin lotzeko baliatu du duela 25 urteko akordioa Anduezak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Konstituzioa berriz aztertzeko ekinaldia ere sartu baitu «nazionalisten erreklamazioen» zakuan, Konbentzio Konstituzionala alegia. «Konstituziotik kanpo dagoen lurralde ereduak» proposatzeak ez du «bideragarritasunik», PSEko idazkari nagusiaren arabera: «Euskadik ez ditu bere energiak erabili behar hitz berriak topatzeko, Konstituzioa inguratuz Estatu konfederal bat egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.