Herritar guztien ongizatea bermatzeko, burujabetza defendatu du Gure Esku-k

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak goi mailako adituak bildu ditu bigarren Konferentzia Subiranistan, Bilbon. Mugimendu erreakzionarioen gorakada gaitzetsi dute, eta eskubide sozialak uztartzen dituen burujabetza eredu bat defendatu.

Konferentzia Subiranista, gaur, BIlbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Konferentzia Subiranista, gaur, BIlbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko otsailaren 28a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Batez ere herritarren eskubideak eta haien ongizatea bermatu eta hobetzeko behar dugu burujabetza». Bigarren Konferentzia Subiranistan plazaratutako gogoetak horrela laburbildu ditu Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak. Itxaropenerako dei bat ere egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduko eledunak. Adierazi duenez, «Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak badu hor esparru bat elkarrekin jarduteko». Horiek horrela, bide horretan jarraitzera deitu du Etxaburuk.

Gure Esku-k iaz egin zuen lehenengo Konferentzia Subiranista, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan. Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburupean egin dute bigarren aldia gaur, Bilboko Bizkaia Aretoan. Nazioaren eta burujabetzaren ideiak bueltan dira gaur egun; «baina, askotan, oinarri erreakzionarioei lotuta», ohartarazi du Gure Esku-k. Herri mugimendu horrek, ordea, uste du badela beste eredu bat: «Irekia, esentzialismoari begiratzen ez diona eta herritarren eskubideetan oinarritzen dena».

Besteak beste, Malen Dominguez soziologo eta Telesforo Monzon eLab-eko kideak azken Naziometroaren hainbat datu jarri ditu mahai gainean. Batetik, zera azpimarratu du: «Euskal herritarren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dago, eta kopurua gora doa». Hain zuzen, Euskal Hirigune Elkargoak, EAEk eta Nafarroako Foru Komunitateak etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketen itaunduta, galdekatutakoen %66,3k baietz erantzun zuten. 2024ko Naziometroan, %60,5ekoa izan zen datu hori.

«Nazio estatu guztiek bezala, Espainiako Estatuak bizirik irautea du helburu, giza eskubideen eta demokraziaren gainetik»

VICENT FLOR Soziologiako doktorea eta ikerlaria

Baina jarrera arrazistak ere gora doaz. «Euskal herritarren %56k migrazio prozesuekin lotutako jarrera erreakzionarioen gorakada nabaritu dute inguruan», esan du. Datuak datu, Etxaburuk egin bezala, «esentzialismoari begiratzen ez dion eta herritarren eskubideetan oinarritzen den burujabetza eredu bat» defendatu du Telesforo Monzon eLab-eko kideak.

Nazioa eta estatua

Dominguezekin batera, Vicent Flor soziologiako doktoreak ere parte hartu du Konferentzia Subiranistaren amaierako mahai inguruan. Hark ez du uste nazionalismo espainiarraren agerpena ezer berria denik: «Beti egon da hor. Kontua da haren izaera zalantzan jartzen dutenean berriro burua ateratzen duela. Eta Euskal Herriko eta Kataluniako ideologia abertzaleek horixe bera egiten dute».

Pentsamolde erreakzionario horren arabera, prozesu migratzaileek ere «arriskuan» jarriko dute Espainiako Estatuaren izaera: «Nazio estatu guztiek bezala, bizirik irautea du helburu, giza eskubideen eta demokraziaren gainetik», gehitu du soziologoak.

Eskuin muturra gora doa Europa osoan, baina Frantziako egoera ez litzateke berdina izango, Michel Cahen historialariaren iritziz, «azken hauteskundeetako bigarren bueltan ezkerreko fronte zabal bat eratuz aurre egin baitzitzaion». Hala ere, Frantziako nazioaren «inklusibotasuna» zalantzan jarri du historialariak. «Lurralde batean bizi direnak gaizki sentitzen badira, nazio hori ez da inklusiboa». Hori dela eta, ezkerreko alderdiek ere kontu horiei heltzearen beharraz ohartarazi du Cahenek, «bestela gai horiek eskuinaren esku geratzen baitira».

Nagore Calvo Londresko King’s Collegeko irakasle titularrak gehitu du Euskal Herriko subiranismoak proiektu koherente bat garatu behar duela, eta herrialdeko elkarteen sarea kontuan hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.