Baionako abokatuen elkarteko burulehena

Alain Larrea: «Herritarrak justiziatik baztertzeko nahia dago SURE legearen gibelean»

Justizia kriminalaren funtzionamendua azkartzeko eta sinplifikatzeko lege proposamena planteatu du Darmanin Frantziako Justizia ministroak. Abokatuek, ordea, uste dute defentsarako eskubideak ahuldu ditzakeela eta justiziaren kalitatea arriskuan jarri.

Alain Larrea. PATXI BELTZAIZ
Alain Larrea. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justizia kriminala erreformatuko dute. Lekukoei eta biktimei hitz egiteko orain arte ematen zaien tartea kendu, eta akusatuei zigor arinagoak proposatu errudun direla onartzearen truk: hori bera da Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroaren plana, auzi egunaren zain diren krimen auzitegietarako aferen igurikatze zerrenda laburtzeko. Lege proposamenaren izenburuak berak «biktimen errespetua» aipatzen du, baina Ipar Euskal Herriko eta Frantziako abokatu elkarteek ez dute analisiarekin bat egiten, eta greban sartuak dira apirilaren lehenetik. Litekeena da uztailera arte irautea protestak, hots, Asanblea Nazionalak legea bozkatu beharko duen arte.

Alain Larrea Baionako abokatuen elkarteko burulehenak argi du lege horrek ez diela biktimei mesede eginen, baizik saihestu Frantziako justizia sistemak jasaten duen baliabide eskasia erantzuteko betebeharra, eta bidezko epaiketa baten bermeak ahulduko ditu, justizia lasterrago baten mesedetan.

Frantziako Senatuak SURE legearen alde bozkatu zuen joan den astean. Abokatuak greban zarete, baina ematen du lege proiektuak aitzina eginen duela...

Badakigu aitzina eginen duela. Justizia ministroaren helburua da, ikusten baitu justizia ez doala ongi Frantziako Estatuan, eta, beraz, bere kabineteko teknikari batzuek proiektu hori muntatu dute, pentsatuz luzatu diren aferak hustuko zituztela. Tematuko da.

Aldi berean, badakigu sorpresa izan dela harentzat 2.000 abokatu inguru ateratzea manifestatzera, Pariserat, Senatuaren ingururat. Ez zuen hori espero, afera penalak jadanik abokatuen lanaren parte ttipi bat baitira, eta orduan afera kriminalak, oraindik ttipiagoa. Alta, 164 abokatu elkarte dira, eta denak greban, manera batez edo bestez.

Lege testuari Senatuak egin dizkion aldaketak ñimiñoak dira. Noiz arte segituko duzue protestan?

Mugimenduak uztailera arte segitu behar luke, zeren eta Asanblea Nazionalak uztailerako bozkatzekoa du legea. Gero, Asanblea Nazionalean, ez dakigu legeak gehiengorik lortuko duenetz, gobernuak ez baitu gehiengo osorik.

«Justizia ministroaren helburua da, ikusten baitu justizia ez doala ongi Frantziako Estatuan, eta, beraz, bere kabineteko teknikari batzuek proiektu hori muntatu dute, pentsatuz luzatu diren aferak hustuko zituztela»

Lekukoei eta biktimei hitza kentzea, akusatuekin negoziotan sartzea... Zer kontatzen du erreformak Frantziako justiziaren bilakabideaz?

Frantzian, populuaren izenean erabakitzen dira epaiak, eta epairik bortitzenak —krimen epaiak— herritarrek egiten dituzte. Sei herritar zortean tiratuak dira, eta ofizioko hiru epailerekin erabakitzen dute: erruduna ez bada, ez dela, eta, errudun dela onartu badu, orduan zigorraz. Sistema horrek herritarren konfiantza bermatzen du justiziarengan.

Pentsatzen ahal da legearen gibelean dagoena herritarrekiko beldurra dela, hots, herritarren baztertzeko nahia. Legeak aitzina egiten badu, herritarrak ez dira gehiago bozka zerrendetatik zortean tiratuak izanen: elite batean hautatuko dituzte, justiziaren lanbideekin harremanak izan dituzten herritarren artean. Hori onartezina da guretzat, zeren eta krimenen inguruko epaiek herritarren eskuetan segitu behar dute.

Lege berriarekin, gainera, prokuradoreak akusatuari zigor arinagoa proposatuko dio, eta, akusatuak onartzen badu, funtsean auzia desagertzen da prozesutik.

Egun erdi bat izanen da epaileari eta hautatutako bi herritar bereziei esplikatzeko afera zein den eta akusatuak zer zigor onartu duen. Sinatu eta fini. Ez da debaterik, ez lekukorik entzuten, ez biktimarik, ez aditurik, normalean egiten den bezala. Haatik, akusatuak prokuradorearen proposamena onartuko ez balu, orduan bai, orduan oraingo sistema bera izanen litzateke: afera krimen auzitegietara joan eta prozedurak luzeago iraunen luke.

Legearen izenburuak «biktimen errespetua» aipatzen du; hain zuzen, auzibideen luzatzeak kalte egiten dielakoan eta prozeduren laburtze horrek mesede eginen liekeelakoan.

Martxoaren 30ean, Gisele Pelicot Bordelen izan zen, eta hark ere erran zuen legea ez dela biktimen aldekoa, biktimek behar dutela entzunak izan; ez dela beste manerarik haientzat gertatu dena baino urrunago joateko eta haien bizia berreraikitzeko.

«Egun erdi bat izanen da epaileari eta hautatutako bi herritar bereziei esplikatzeko afera zein den eta akusatuak zer zigor onartu duen. Sinatu eta fini. Ez da debaterik, ez lekukorik entzuten, ez biktimarik, ez aditurik, normalean egiten den bezala»

Biktimen errespetua bermatzeko gogoak baino gehiago, orduan, urteetako baliabide eskasak ondorioztatu du lege proposamena? Aferak metatu eta orain denak kudeatu ezinik dabilelako justizia?

Bai. 40 edo 50 urte dira justizia baztertua dela Frantzian. Pentsatzen dut gobernuek nahitarat ez diotela justiziari behar zituen ahalak eman, tradizio bat da: Frantzia erresuma bat zelarik, jadanik, erregea epaileez beldur zen, epaileak baitziren haren boterearen kontrakoak. Ikusten da hori gaur egun ere: afera politikoetan komeni zaie justiziak ez ditzala behar dituen ahalak ukan. Hamar, hamabost urte pasatzen ahal dira afera bat jujatua izan aitzin.

Presidente edo ministro izan den batek baliabide ekonomikoak ditu errekurtsoen egiteko, eta badaki errekurtsoak eginez justiziak ez dituela epe laburrean epaitzen ahal; gero arriskua ez da bera, denbora pasatua delarik zigorra ez baita berdina izanen. Badakite hori. Pentsatzekoa da horren aldatzeko ez dutela nahikeria handirik.

Honako honetan justizia kriminalari baizik ez dagokio erreforma, baina orduan, batzuek baizik ez dute ukanen auziaren pribilegioa?

Abokatu bat pagatzen ahal duen batek ezezkoa emanen dio prokuradorearen proposamenari, berak pagatzen ahalko baititu abokatua, errekurtsoak, inkestaren kritika... urte anitz pasatzen ahal dira hola. Orain arteko metodo bera erabiltzen ahal du dirua duen batek. Aldiz, dirurik ez duen batek, ezin du errekurtsorik egin, eta hori arrisku bat izanik ere, aferak dudak sortuko balizkio ere. Agian ez du proposamena onartu nahiko, baina zera pentsatuko du: hogei urte presondegi arriskatu ordez, ez ote da hobe zortzi urte onartzea, eta lau urteren buruan ateratzea galdegitea?

Ikusten dira ondorioak Ameriketako Estatu Batuetako sisteman: badira errugabeak presondegian direnak errudun direla onartuta. Jakinez legeak ez duela negoziatzeko eperik aurreikusten: prokuradorearen ustez egina izan denak horrenbeste balio du, horrenbeste arriskatzen du pertsonak krimen auzitegietan, eta, beraz, horrenbeste proposatzen zaio. Onartzen du edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA