Javi Ollo Altsasuko alkateak (Altsasu, 1991) aldarrikatu du auzia Iruñean epaitu dadila eta justizia egin dadila.
Nola dago gaur egun herria?
Urrian gertaturiko guztiak eragin handia izan zuen. Hainbat komunikabidetan Altsasuri buruz eman zuten irudia ez da erreala, eta jende askok argi eta garbi plazaratu zuen haserre hori, batez ere, azaroaren 26ko manifestazio handi horretan.
Zertan aldatu du herria?
Oso herri plurala da. Udaletxean bertan bost alderdi politiko gaude. Gau horretan baina, batez ere, ondorengo asteetan gertaturiko guztiak ideologia desberdineko altsasuarrak batu ditu. Batzuek diote azpijokoa izan zela; beste batzuek, ez. Desberdintasunak badaude, baina gehiengoak argi du hau ez dela terrorismoa, ezin dela terrorismo bezala ikertu eta zigortu, eta Altsasuri buruz eman den irudia ere ezin dela onartu.
Orain, auzia Gorenaren eskuetan dago.
Espero dut lehenbailehen erabakitzea nork epaituko duen Altsasun gertaturikoa. Esperantza dut proportzionaltasunez jokatzea eta auzia Iruñera itzultzea. Hala ere, ikusi dugu gauzak nola joan diren, eta, horregatik, zuhurtzia behar da.
Hiru gaztek espetxean jarraitzen dute, eta 11 gazte daude auzipetuta.
Hau terrorismo gisa epaituz gero, horren eragina handia da, bai gazte hauentzat, bai familientzat. Horregatik esaten dugu hau ezin dela horrela epaitu.
Hilabeteotan herritarrek erantzun bateratua eta iraunkorra eman dute. Nola definituko zenuke?
Aparta izan da, baita gazteen familien portaera ere. Azkenean, udaletxetik egin dugun guztia familiek eskatuta egin dugu, eta herrian izan den eta oraindik den ikuspuntuak behartu gaitu udalean gaudenoi behin eta berriz adierazpenak onartzera.
Zer posizio izan du udalak?
Batez ere, familien eskaeraren arabera jokatu dugu. Eurekin hartu-eman zuzenean gaude. Onartu ditugun adierazpen guztietan familiekin hitz egin dugu aurretik. Azkenean, oso zaila da alderdi guztiak bateratuta egotea, baina gai honetan lortu dugu. Herritarren artean ere ezberdinen arteko batasun hori lortu da.
Herritarrek eurek bultzatu dute alderdien arteko batasun hori?
Bai. Herritarrek eta, batez ere, familiek behartu gaituzte udaleko alderdi desberdinok diferentziak alde batera uztera.
PSNko bi zinegotzik aurre egin diote alderdiari.
Oraindik horrela jarraitzen dute. Hemen bizi behar da, eta hemengo egoera ezagutu behar da. Oso erraza da Iruñetik edo Madrildik arau batzuk ematea, baina gero hemen egon behar duzu. Publikoki eskertu izan dut bi zinegotzi horien portaera, Altsasuren aldekoa izan baita.
Javi Ollo. Altsasuko alkatea (Geroa Bai)
«Herritarrek eta sendiek behartu gaituzte diferentziak alde batera uztera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu