Maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea. Horiek izango dira uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko bete beharko diren neurri nagusiak. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman ditu azalpenak gaur goizean. Gainera, aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.
Beste aldaketa batzuk ere egongo dira. Mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen NA. Sarreran eta irteeran ere gel hidroalkoholikoa jarriko dute, eta maskarak ere egongo dira jantzita ekartzea ahaztu zaien herritarrek erabiltzeko. Hauteslekuetako sarbideak ere kontrolatuko dituzte, jende pilaketak egon ez daitezen, eta seinaleen bidez zuzenduko dituzte ibilbideak. Hala ere, Beltran de Herediak ziurtatu du «normaltasun, konfiantza eta lasaitasun osoz» joan daitekeela botoa ematera.
Mahaiko kideentzako materiala ere banatzen ari direla azaldu du. Kaxa bakoitzean, maskara kirurgikoak, gel hidroalkoholikoa, botoa kontatzeko orduan erabili beharreko FFP2 maskarak eta eskularruak... egongo dira. Botoak eskularruak jantzita kontatu beharko direnez, emaitzak ordu erdi inguru atzeratuko direla uste dute.
Herritar batzuk, ordea, ez dira hauteskunde mahaietara joango. Izan ere, posta bidezko botoa areagotu egin dela azaldu du Beltran de Herediak. Hain zuzen, 125.000 herritarrek —erroldatuen %7,3k— eskatu du modu horretara botoa ematea. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 52.365 eskaera izan ziren; aurtengo deialdiarekin alderatuta, erdiak baino gutxiago. Orotara, 1.718.323 herritar daude botoa ematera deituta.
Gastu gehiago
Aldaketa horiek guztiek hauteskundeetako gastua handiagoa izatea eragin dute. Hain zuzen, 95 euro gehiago eragingo du hauteskunde mahai bakoitzak. Horrenbestez, gastua %10 igoko dela espero dute. Segurtasun distantziak mantentze aldera, 2016ko hauteskundeetan baino 45 hautesleku gehiago jartzea erabaki dute. 2016an baino 85 mahai gehiago jartzea ere erabaki dute, eta 2.678 izango dira guztira. Hamar mahai baino gehiago daudenean, segurtasun pribatua egongo da.