Herritarren %35ek babesten dute EAJ-PSE koalizio gobernua, Soziometroaren arabera

Inkestaren arabera, herritarren %70ek ontzat jo dituzte emaitzak. EH Bilduk ditu hauteslerik sendoenak; %71k «konbentzimenduz» bozkatu zuten koalizioaren alde.

Bilboko hautesleku bateko prestaketa lanak, asteburuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko hautesleku bateko prestaketa lanak, asteburuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 26a
15:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Eusko Legebiltzarrerako bozen osteko lehen inkesta argitaratu du. Soziometroaren arabera, herritarrek hauteskundeen inguruan izan duten interesa aurreko bi bozetakoa baino handiagoa izan da, eta gehiengoak positibotzat jo ditu horien emaitzak ere. Bozak igarota, herritarren %35 EAJ-PSE gobernu baten aldekoak dira, eta %27k EH Bildu parte izango duen gobernu bat nahi du.

Emaitzen balorazioa

Herritarren %70ek positibotzat —%13k «oso positibotzat» eta %57k «gehienbat positibotzat»— jo dituzte hauteskundeen emaitzak, eta %13k, negatibotzat. Lehen blokean leudeke EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Sumarreko hautesle gehienak; bigarrengoan, berriz, PPko eta Voxeko gehienak. Izatez, EH Bilduko hautesleek interpretazio positiboagoa egiten dute PSE-EEkoek baino, nahiz eta, itxura guztien arabera, azken horiek gobernuan izango diren.

Emaitzekin bezala, emandako botoarekin ere gustura daude gehienak. Bozkatu zuten herritarren %60k «konbentzimenduz» bozkatu zuten; %15ek, «hainbat zalantzarekin»; eta %23k, «aukera txarretan onenaren» alde. Halere, botoa eman zuten horien artean, ia denak (%96) konforme daude hartutako erabakiarekin. Abstentzionisten artean, berriz, %15ek botoa emango lukete.

Alderdiz alderdi erreparatuz gero, EH Bilduren hautesleak dira egindakoan uste sendoena dutenak: haien %71k «konbentzimenduz» eman zuten botoa. Gainera, laurdenek ─%27─ parte hartu dute kanpainan, gutxienez bozen inguruko mezuren bat bidaliz: Whatsapp mezuak, SMSak, txioak... EAJri dagokionez, berriz, hautesleen %57k bozkatu zuten hala, eta laurden batek «aukera txarretan onena» zela iritzita. Gainerako alderdien hautesleen erdiek ere ez zuten botoa «konbentzimenduz» eman: PSEren hautesleen laurdenek baino gehiagok (%28) bere botoa «aukera txarretan onena» zela esan dute, eta gauza bera iritzi diote PPko hautesleen erdiek; Sumarren, hautesleen heren batek «hainbat zalantza» izan zituen.

Gobernu eraketa

Soziometroaren arabera, EAJ-PSE-EE koalizio gobernuaren aldekoak dira herritarren herenak baino gehiago (%35). Laurdenak inguru (%27) lirateke, berriz, EH Bildu koalizio gobernu batean nahiago luketenak: %17k, EAJrekin batera, eta %10ek, PSE-EErekin.

Azken urteetako koalizio gobernuko alderdien alde egindakoen artean, baina, aukera faboritoa argia da: EAJko hautesleen %70ek jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernu bat nahi dute, eta PSE-EEkoen %84k ere bai. Formula hori da Sumarreko hautesleen gogokoena ere (%49). EH Bilduren hautesleen artean, berriz, herenek (%35) EAJrekin gobernatzea nahiko lukete, eta laurdenek inguruk (%27), PSE-EErekin gobernatzea.

Kanpainaren garrantzia

Inkestaren arabera, igandean botoa eman zuten herritarren %20k erabaki zuten botoa hauteskunde kanpainan edo bozen egunean bertan. Eusko Legebiltzarrean izango diren alderdien artean, Sumarrek eskuratu zuen bere hautesleen ehunekorik handiena egun horietan, Elkarrekin Podemosekin esparru beraren barruan izandako lehiaren erakusgarri: koalizioaren alde egin zutenen laurdenek (%24) hartu zuten orduan erabakia.

Halere, gainerakoek ere lortu zuten herritarrak eurenganatzea: EAJko hautesleen %21ek azken bi asteetan erabaki zuten euren botoa; baita EH Bildukoen %17k, PSE-EEkoen %16k eta PPkoen %15ek ere. Abstentzionisten artean, berriz, %20k bi aste edo gutxiagoren faltan hartu zuten ez bozkatzeko erabakia, eta %22k, bozen egunean bertan.

Bitarte horretan presentzia nabarmena izan dute inkestek, eta herritarren %31k uste dute horiek «asko» edo «nahikoa» eragin dutela hautesleengan. Uste hori, batez ere, alderdi abertzaleen hautesleen artean dago zabaldua: EH Bildukoen %39k uste dute hori, eta EAJkoen %36k. Halere, herritarren ia erdiek (%49) ez dute inkesten berririk izan.

Egoeraren balorazioa

Hauteskunde kanpainan «egonkortasun» eta «aldaketa» mezuak tartekatu dira, eta mezu horietako bakoitzaren alde egin duten alderdietako hautesleen artean nabari dira egoera politikoaren inguruko interpretazio ezberdinak. EAJko eta PSE-EEko hautesleek egin dute egoera politikoaren balorazio positiboena: EAJren aldeko botoa eman zutenen bi herenek uste dute egoera politikoa «ona» edo «oso ona» dela, eta sozialisten alde egin zutenen %61ek. Horiekin batera, Sumarreko hautesleen %63k ere iritzi bera dute.

Herritarren erdiak ere ez dira (%48), ordea, uste hori dutenak. Hala, EH Bilduren alde bozkatu zutenen laurdenek uste dute egoera «hala-nolakoa» dela, eta beste laurden batek baino gehiagok, egoera «txarra» edo «oso txarra» dela. Azken bi bloke horien barruan dago PPren eta Voxen alde egin zutenen gehiengo zabal bat. 

Halere, alor ekonomikoaren gaineko interpretazioei dagokionez, aldeak ez dira hainbestekoak. Herritarren %61ek uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera ekonomikoa «ona» edo «oso ona» dela. Uste hori, gainera, gero eta zabalduago dago adinean behera egin ahala: muturretan, 18-29 adin tarteko herritarren %68k jotzen dute ontzat, eta 65 urtetik gorakoen %59k. 

Botoaren araberako sailkapen bat eginez gero, baina, berriz ere egungo koalizio gobernuaren alde egin zutenek baloratu dute ondoen egoera: EAJren aldeko botoa eman zutenen hiru laurdenek uste dute egoera «ona» edo «oso ona» dela, eta PSE-EE bozkatu zutenen %71k. Atzetik, baina ez urrun, PPko hautesleen bi herenek uste bera dute, eta EH Bildukoen %60k eta Sumarrekoen %56k.

Interesa eta desafekzioa

Soziometroaren arabera, herritarren %62k interes handia edo nahikoa interes izan dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta ehunekoa handiagoa da igandean botoa eman zutenen artean. Gainera, nabarmentzekoa da ehuneko horrek izandako gorakada, bai 2020an pandemia betean egindako bozekin (%53), bai 2016koekin (%56) alderatuta. Hautesleei erreparatuz gero, EH Bilduren aldekoek adierazi dute interesik handiena: horien erdiek «interes handia» adierazi dute, eta %32k, «nahikoa interes».  

Kontrara, abstentzionisten bi herenek adierazi dute bozen gaineko «interes gutxi» izan dutela, edo batere ez. Horren argudio nagusia desafekzio politikoa da, soziometrotik ondorioztatu daitekeenez. Izan ere, inkestaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez bozkatzeko arrazoi nagusiak politikarienganako desengainua eta bozetara aurkeztutako alderdien gaineko konbikziorik eza dira; erabaki hori hartu zutenen ia erdiek (%48) hala adierazi dute.

Era berean, abstentzionistena da gizarteko aferetan interes edo parte hartze txikiena erakusten duen taldea ere; %54k adierazi dute ez dutela parte hartzen edo parte hartze txikia dutela. Halere, abstentzio oro ezin da politikaren eta gizartearen gaineko interesik ezarekin lotu, eta horren erakusgarri da %45ek zehaztu dutela eurek «asko» edo «pixka bat» parte hartzen dutela gizarte gaietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.